Parisko kabaret abeslariari, amonari omen!
Alejandra Goikoetxea
Argia, 2019-04-21
“Mami Lebrun”

Zuzendaria: Getari Etxegarai. Aktoreak: Ane Pikaza, Kepa Errasti eta Ainara Ortega. Hurrengo eta azken emanaldia: Apirilak 27, Aulestiko Artedrama topaketak, frontoian, 22:00etan.

      Zendu berria da amona Kontxa. Bere ilobak amonari omenaldia egin guran, haren gaztetako bizipenak ekarri nahi ditu taula gainera. Horretarako, Paris nazien okupaziopean zegoen sasoian, Kontxak bere gaztaroan kabareteko abeslari gisa bizitako istorioa ekarriko dute agertokira. Istorio xamurra, hurbila, bizia, zintzoa eta gozoa; neurriko umore ukitu eta guzti.

      Oraindik ez dakit zergatik baina istorioak harrapatu nau. Agian neuk ere amuma miresten nuelako, eta oraindik haren heriotzari buruz berba egitea kostatzen zaidalako. Emanaldiko denbora jauziek despistatu ez, eta garaiko Paris irudikatzeko ariketa egin dudalako. Euskaldunok II. Mundu Gerran ere gure ekarpena egin genuela entzutea maite dudalako. Edo Errastiren gidoian jasotako elkarrizketa bizietan erabilitako euskara zaindua eta euskalkien nahasmen dotoreaz gozatu dudalako. Doluaz, bizitzaz eta heriotzaz berba egin duten arren, barre egiteko aukera ere izan dudalako. Eta ze demontre, ez naiz esaten lotsatuko, istorio erromantikoak gustuko ditudalako.

      Parisko Kabaret bateko kamerinoaren mahaia eszenatoki gainean eta mikro bat. Istorioak berak zer edo zer gehiago ere hartu, eta beharko lukeela esango nuke. Garaiko musika eta zuzeneko ahotsak, hala ere, Pariserako bidaian lagungarriak izan dira.

      Bilboko publikoarekin konektatu dute Xake Konpainiako kideek beraien lehenengo ekoizpenarekin. Joan den urtean irabazitako Donostia Antzerki Saria ere merezitakoa izan dela esatera ausartuko nintzateke. Pena, lerro hauek obraren azken emanaldiaren atarian idaztea. Hala eta guztiz ere, bolo-bolo dabilen Lur ikuskizuna ikusteko tartea hartuko dut, talde honen ibilbidea gertutik jarraitzeko asmoz.