Hiru ipuin otsoarekin
Agus Perez
Berria, 2013-04-16
“Otso!”

Lekua: Intxaurrondoko kultur gunea (Donostia). Eguna: Martxoak 13.

      Euskarazko antzezlan berri batekin etorri da Lapurdiko Chimeres konpainia Intxaurrondoko kultur gunera. Otso! izeneko ikuskizuna berez haurrentzat prestaturiko obra da, baina, Chimeres faktorian ohikoak diren kalitate parametroei jarraiki, maila jasokoak izan dira testua, antzezpenak eta haien inguruko elementu guztiak.

      Amaia Hennebutte-Millardek idatzi ditu emanaldiaren oinarrian dauden hiru ipuinak, haietariko biren jatorria europar iruditegian aspaldikoa den arren. Egileak, aldiz, bere ukitu pertsonala eman die biei, eta hirugarren bat ere txertatu du trilogian —Otso gosetua—, gaurko haurrengandik hurbilagoa den giroa ezarriz eta ekintza eszeniko dinamikoagoa ahalbidetuz.

      Otsoa, azeria eta ahuntzak ipuinak garai bateko kontakizunen gordintasuna gordetzen du bere baitan, eta amona gozagarri batek fintasun osoz erakutsi digu ahuntzaren eta otsoaren arteko lehia. Otso gosetua-n, berriz, gaurko pentsamoldera etorri da egilea, otsoari nolabaiteko izaera onbera emanez eta amaiera politikoki zuzena diseinatuz. Hiru xerri ttipiak, aldiz, hiruretan gaurkoena iruditu zait: ipuin honetan exekutibo diruzale baten itxura hartzen du otsoak, eta txerritxoen etxeak bere asmo suntsitzaileen izenean bota nahi ditu, AHTn dituen interes ilunak tarteko.

      Hervé Hestebeteguy eszena zuzendariak —Baba zango horiak haur antzezlana zuzendu zuen 2010ean— forma garaikide aurreratua eman die hiru ipuinei, eta elkarlan aberasgarrian jarri ditu eszena gaineko elementu guztiak. Eremu eszeniko esanguratsua ere diseinatu du, eta arlo horretan benetan sormentsua izan da erdiko pantailaren erabilera, bertan proiektatu baitira kontakizunak bideratzeko behar ziren irudiak, batzuetan bideo-proiekzioak eta batzuetan itzal txinatarrak baliatuz.

      Annie Onchalok sortu ditu hiru otsoen eta ahuntzaren maskarak eta Sophie Banconek diseinatu ditu jantziak, biek ala biek beren sormen miresgarriaz. Musikaren arloan Jesus Aured-en akordeoi sinfonikotik irten dira ekintza bakoitzeko soinu guztiak eta, bestalde, polita izan da Arnaud Estor —gitarra, ahotsa, perkusioa— kontakizuneko pertsonaia bihurtu izana. Azkenik, Txomin Heguy eta Lierni Fresnedoren lana nabarmendu behar dugu, arima eta gorputza jartzen dutelako beren pertsonaien zerbitzura, eta rol batetik bestera igaro direlako, etengabe eta sinesgarritasun osoz. Alde estetikoetatik zinez ederra zen muntaiak gutxi behar zuen aurrera egiteko baina, zalantzarik gabe, bere balio osoa lortu du eszena gaineko lau artisten lanari esker.