Hiltzea erraza eta bizitzea zaila denean...
Alejandra Goikoetxea
Argia, 2017-02-05
“Treblinkara azken trena”

Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Maiken Beitia, Eneko Sagardoy, Gorka Martin, Jon Casamayor, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Nerea Elizalde eta Tania Fornieles. Zuzendaritza eta sokuntza: Mireia Gabilondo (zuzendaria), Patxo Telleria (testua), Ana Pimienta eta Fernando Bernues (jatorrizko ideia eta argumentua). Non-noiz: Urtarrilaren 16an Arriaga Antzokian eskainitako emanaldia.

      Arriagako alfonbra gorria zapaldu eta bigarren solairura igo gara. Ohiko urre koloreko harmailen arrastorik ez; ahots batek 1942.urtean Varsoviako umerzutz-etxe batean gaudela gogora ekarri digu emanaldiaz gozatzera gerturatu garen ikusleoi. Umerzuztegiko altzariak izan dira gaurko gure butaka, otorduaren inguruan eseri dira gutako batzuk eta besteok literetan hartu dugu lekua.

      Mikak hasierako egunetan lurrean lo egin nahi izan zuela kontatu digu hasierako ahots berdinak, ordura arte oherik ezagutu gabekoa zelako. Nire goiko ohean lo egiten duen Ivan ere aurkeztu digu eta ni neu antzerkiak iraun bitartean Klara izango naizela ohartu naiz jarraian. Klaraz eta nire inguruan lo egiten duten beste 200 umeetaz hasiera batean ezer gutxi badakit ere, Klarak bere amaren argazkia duen idunekoa gauero burukoan gordetzeak, gertukoenen oroitzapen urriekin bizi den neskatoaren lekua betetzen ari naizela pentsarazten dit.

      Lekuan eta denboran ondo kokatu ostean hasi da Janusz Korczak mediku eta pedagogoari omen egiteko antzezlana. Gertutik ezagutu dugu Varsoviako umerzurtz-etxe hartako eguneroko martxa, arazoak kudeatzeko asmatutako epaiketen sistema, gosea eta oinarrizkoenaren premia. Protagonisten begietan ikusi dugu ezjakintasunak edo jakin nahi ezak sortutako ikara. Korczak eta Wilczynskak eratutako familia, eta umeenganako maitasuna eta errespetua.

      Egiazko umeen errepublika baten lekuko, eta partaide izan gara aldi berean. Bukaerara arte haurrentzako bizitza duin baten aldeko borrokan bizia galdu zuen mediku poloniarra ezagutu dugu. Euskarara ekarri dituzte medikuak garaian esandako aipuak eta lagungarria izan zaigu Korczaken izateko eran are gehiago sakontzeko. Maisutasun handiz, haserrea eta gozotasuna erakutsi ditu Jose Ramon Soroizek Janusz Korczaken azalean. Hala ere, oraingo honetan aktore guztien abilezia eta kontzentrazioa nabarmendu nahi nituzke, eszenatoki zabal, anitz eta jendetsuan bakoitzak bere lekua egiten jakin duelako.

      Azkenean baina, iritsi da baina Treblinkarako azken trena hartzeko unea. Zapatak ondo garbituta, andrakilari estu kolpeta eta motxila duintasunaren irakaspenez beteta, kantari abiatu dira ezjakintasunaren edo jakin nahi ezaren bidaiara. Ikusleok irriari lekua egin diogu azken abagune honetan, ikusitakoa ikusita nik neuk ere zalantza egiten dut, baldintza hauetan bizitzea baino errazagoa ez ote den hiltzea.