Hegorik gabeko amodioa
Myriam Garzia
Argia, 2015-02-22
“Amodioaren ziega”

Antzezleak: Nazaret Froufe, Eneko Sagardoy, Joana Ocaņa eta Urki Muguruza. Zuzendaria: Ander Lipus. Testua: Xabier Mendiguren Elizegi. Non: Kultur Leioa. Noiz: Otsailak 27.

      Bi antzerki estrenaldi izango dira aurtengo Kultur Maratilan, tartean, Lauka Teatroa talde gaztearen eskutik taularatuko den Amodioaren Ziega. Ander Lipusek zuzendu ditu aktoreak eta Xabier Mendigurenek duela hamar urte idatzitako testua moldatu dute. “Poz handia izan da. Taula gainerako asmotan idatzia da, baina ez da erraza bide hori gauzatzea”, esan digu Mendigurenek.

      Antzezlanak preso baten eta bere neskalagunaren arteko bis-a-bisa azaltzen du eta, lana orain dela 10 urte idatzia izan arren, “zoritxarrez, gaurkotasun erabatekoa du”, Mendigurenen ustez. Amodioa ziegan gordetzen da, amodio baldintzatua da, hegorik gabekoa. Ez al dira denak halakoak? “Nire asmoan ez zegoen horrelako metaforarik egitea, kartzelako bis-a-bisetako bisita bat kontatzea baizik, eta harreman mota horri buruzko gogoeta batzuk egitea”.

      Durangoko Lauka taldea 2013an sortu zen baina ez kasualitatez. Artedramak Aulestin urtero egiten dituzten Euskal Antzerki Topaketetan ezagutu zuten elkar taldeko lau kideek. Bertan, Manex Fuchs antzerkigilearekin batera, laborategi batean bezala hasi ziren Mendigurenen testuarekin antzerki jolasak egiten. “Nahiko emaitza onarekin”, azaldu digu Joana Ocaņak antzezleak.

      “Gauean, kafea hartzen, Manexek animatu gintuen taldea osatzera eta taularatzera”. Lauka izenarekin euren lehendabiziko lana izan arren, Durangoko Karrika herri antzerki taldean aritutakoak dira, besteak beste.

 

      Nola bizirauten du maitasunak lau hormen artean?

      “Amodioaz hitz egiten dugu espazio itxi eta mugatu batean, baina era berean, maitasuna bezalako kontzeptu ireki baten bidez”, dio Eneko Sagardoy antzezleak. Bi pertsonaia horiek egoera desberdina sufritzen dute. “Bi mutur horien arteko harremana lotzen saiatzen gara”. Posible da ziega batean maitasuna sortzea? “Asfaltoan ere loreak hazi daitezke”, erantzun du Sagardoyk. “Ziega horren mugak haustea pertsonaien esku dago, eguneroko bizitzan norberak hautsi behar dituen moduan. Barruan ala kanpoan egon, hormak apurtzearen borroka horretan dabiltza biak”.

      Dramaturgiarako bide berriak arakatzearen alde, Laukaren proposamen honetan bi bikotek gorpuztuko dute presoaren eta neskalagunaren arteko istorioa. “Bi bikoteek indartu egiten dute proposamen eszenikoa. Proposamen dramartugiko interesgarrira iritsi garela uste dut”, diosku Ander Lipus zuzendariak. Amodioa gela itxi batean, denbora-tarte eta espazio jakin batean gertatzen den maitasuna: “Horrek egoera teatralizatzen du”.

      “Euskal Herrian dagoen benetako errealitate batetik abiatzen gara”, jarraitu du zuzendariak. Nazaret Froufek antzezleak dioenez, “testuak hainbat egoeratara eramango gaitu, baina bi pertsonaiak egunerokotasun horretan bizi dira, euren arteko elkarrizketak arruntak dira askotan”.

      “Pribatua dena publiko bihurtzen dugu. Egoera hori ikustarazten dugu, krudeltasun guztiarekin”, dio Ocaņak. Eta Sagardoyk zera gehitu du: “Halako egoera batean, maitasuna nondik irteten den erakutsi nahi dugu, non topatzen duen lekua bizirauteko. Itzalak eta argiak erakutsiko ditugu”.