Taldea: Txalo produkzioak. Egilea: Eve Ensler. Zuzendaria: Begoņa Bilbao. Antzezleak: Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai. Iraupena: 75 minutu.
Eve Esler estatubatuarraren The Vagina Monologues obra antzeztua ikusi dugu Irungo Amaia KZn. Idazlearen testuak —hamabi emakumeen baginaren hizketaldiak— entzun ditugu Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai antzezleen ahotik euskaraz, euskaraz dastatu, hausnartu eta gogotik gozatu ere bai. Bi emakumeen mintzaerak eta gorputz-espresioek —ene zentzumenek sentitutakoaren arabera— publikoaren begiak, belarriak eta gorputz osoa laketu dituzte.
“Paretak mintzo balira...” esan ohi dugu. Izan ere, zer ez duten paretek entzuten! Zer ez duten ikusten! Eta baginak mintzo balira? Izan ere, zer ez duten baginek entzun eta entzuten! Zer ez dute ikusi eta ikusten! Bada, baginak mintzo dira jada, ahotik mintzo ere. Baginaren mintzo suharrak goratik —eta garaitik— jalgi dira Garmendiaren eta Garairen baitatik.
Beren bagina inoiz ikusi ez —edota orgasmorik izan ez— duten emakumearen bizipenak helarazi eta barnerazi dizkigute aktoreek bertaratutakoei. Orgasmoa sugartua izaten duten emakumeen mintzoa entzun dugu, hala nola baginaren a-hotsa behin ere entzun ez dutenena: Garmendiaren mintzoak nola irrintziak eta Garairen imintzioak hala intziriak publikoaren algarak iradoki dituzte barra-barra.
Ez dira, bada, paretak mintzo, baginak mintzo dira jada. Munduko baginak mintzatu dira Garmendia eta Garairen ahots gartsu eta garaietatik.
Baginaren bakarrizketak izanagatik, baginek elkarrizketan dihardute sarritan. Eta bagina hitza ez da euren baginak izendatzeko izen bakarra. Aitziberrek eta Ainhoak, ehundalako izenen bitartez, despotorrarazi gintuzten entzule-ikusleok, potorrorik gabeko zakildunok barne.
Bagina gora, bagina behera, bagina andana zabaldu izan dituzte. Paregabeko aktore pareak baginaren geruza guztiak zabaltzen ditu pubikoaren aurrean. Elemenia bagina erakutsi digu bikoteak, dozenaka potorro eta motxina tartean-tartean.
Baginaren bakarrizketak munduko obren pare-pareko ikuskizuna da. Hots, mundiala. Honezkero ezin dugu “paretak mintzo balira...” esan, engoitik “baginak mintzo baitira”.
Munduan —gure munduan— iraultza bakarra emakumeena dela esan badugu gaur arte, bada, are ozenago esan dezakegu baginaren mintzoak entzun ondoren. Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garairen antzezpenean mundialak baitira baginaren bakarrizketak.