“Dinelirium”: Bekerekeren azkena
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1992-09-11
“Dinelirium”

Taldea: Bekereke. Zuzendaritza: Elena Armengod. Aktoreak: Javier Barriga, Emilio Fdz. de Pinedo, Ana Elordi, Carmen Silla, Natxo Val. Eszenografia: Carlos Perez. Produkzioa: Idoia Aiestaran, Blanca Fdz. de Jauregi. Teknikoa: Javier Marquerie.

      Euskadiko uda joan da berarekin eramanez urtero kanpotik etorri ohi diren ikuskizunak eta dirudienez bizitza teatralak zenbait gauza ikusgarri aurkezten digu berriro. Besteak beste Barakaldoko VI Kale-antzerki Jardunaldiak hasi dira eta bertan ikusi ahal izan dugu Bekereke talde arabarra “Dinelirium” bere azken muntaiarekin.

      “Dinelirium”-en hari argumentala oinarritzen da ustezko benefizentzi erakunde batean, zeinek Hirugarren Munduko herri batentzat dirua biltzen baitu kalean egindako elkartze bilera baten bidez. Aitzakia honekin publikoaren parte hartzea eskatzen da eta horrela sartzen dira erakundearekin zerikusirik ez duten pertsonaia desberdin batzuk: eskale arlote bat, bere senarrarekin arazoak dituen emakume bat, dantza irakasle bat, etab. Bekereke taldeko aktoreek kalean bertan prestatu dituzte pertsonaiak kaleko jendearen erreakzioak hobeto aztertzearren. Bere pertsonaiekin lortzen duten sinesgarritasuna izugarria da eta ikusleek ez dakite zenbait momentutan pertsonaiak taldeko aktoreak ala publikokoak diren.

      Elkartze bilera aurkezle bikote baten esku geratzen da. Haiek azaltzen dituzte benefizentzi erakundearen asmoak eta parte hartzea eskatzen diete ikusleei. Esku hartze hauek bilera animatzen eta pizten dute. Izan ere egongo ez balira ekintza teatrala nahiko motz eta interesik gabe geratuko litzateke. Bestalde antzerki mota honen arazoetako bat ikuslearen interesa mantentzea da kalean dagoen zarataren gainetik. Kasu honetan irtenbidea erraza da, aurkezleek mikrofonoz hitz egiten baitute. Ez da irtenbide ona izan ordea, zeren hitzaldi guztiak mikrofonoaren bidez egin behar baitira eta horrek aski frenatzen du ikuskizunaren erritmo orokorra. “Dinelirium” ikusi ondoren, buruan geratu zaiguna hauxe izan da batez ere: pertsonaiak beharbada ez daude ondo lotuta elkarrekin, baina ederki antzeztuta eta eszenan jarrita daude, Bekereke taldearen gaitasunari dagokionez.