Gaur egungo “Peer Gynt” euskaldun bat
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1992-10-25
“Betizu, zezen gorria”

Egilea: Ignacio Amestoy Egiguren. Zuzendaritza: Antonio Malonda. Aktoreak: Patxi Biskert, Jon Gabella, Izaskun Asua. Eszenografia: Carlos P. Donado. Argiztaketa: Koldo Fuente. Musika: Bingen Mendizabal. Tokia: Barakaldoko Barakaldo Antzokia. Data: Urriaren 23, 24 eta 25.

      Aurreko ostiralean, hilak 23, agertu zen egunkari honetako Kultura sekzioan “Betizu, zezen gorria” lanaren estreinaldiari buruzko informazioa. Aurkezpen labur bat egitearren esango dugu estreinaldi honetan zenbait izen ezagunek hartu dutela parte ikuskizunari interesa eta kalitatezko garantia emanez.

      Ignacio Amestoi da egilea eta zuzendaritza Antonio Malondarena da. Izen biak muntaia berean ez dira lehen aldiz batera joan, zeren lehenago biak egonak ziren Geroa taldearen “Doña Elvira, imagínate Euskadi” muntaia ahanztezinean. Dena den, kasu honetan lanak aurretik lortu duen fama Patxi Bisquert eszenatokietan ikustean datza, orain arte zineman baino ez baitzen agertu. Patxi Bisquerten ganantzia nabaritzen da beste bi arlotan ere, alde batetik lana zuzenki euskaratzeagatik, baina batez ere bere bizitza pertsonaleko zenbait esperientzia uzteagatik antzezlana inspiratzeko.

      Amestoik sortutako testuan nortasunaren bila doan gizon baten bizitza ikusten dugu; nortasun pertsonala zein herriaren nortasuna. Kontaeran errealitateak eta fantasiak, helduaroko gertaerak eta haurtzaroko pasadizo eta oroipen fantastikoak nahasirik ageri dira. Bizitzan zeharreko bidaia honetan bere iraganaldiko pertsonaia batzuk agertuko dira, baita denok ezagutzen ditugun egiazko mundukoak ere. Zentzu honetan bidezkoa da nolabaiteko paralelismo bat ikustea “Betizu”-ko protagonista eta beste batzuen artean, Peer Gynt edota Macunaíma esate baterako. Azken bi hauek beren ezaugarri ipartar edo brasildarrak erakusten zizkiguten. Patxik, berriz, bere gaurko eta Euskadiko pertsonaiaren ezaugarriak erakusten dizkigu, jakina. Eta hiru kasuetan, kontatzen diren istorioek balore unibertsala daukate. “Betizu”n, dena den, testu gehiegi dago eta ekintza dramatikoa faltan dago, lanari erakargarritasun apur bat kenduz.

      Aktoreen antzezteko era bikaina izan da momentu guztietan. Patxi Bisquertek argiro eusten du pertsonaia nagusiaren pisua; Izaskun Asuak intentsitate dramatikoa ematen dio bere lanari Geroa taldean egiten zuen moduan; eta Jon Gabellak ederki ekartzen dio umore ironikoaren kontrapuntua pertsonaia nagusiari.