Ba ez zegoen horren “txupatua”
Begoņa del Teso
Euskaldunon Egunkaria, 1993-03-13
“Brememgo musikariak”

Taldea: Fregoli. Zuzendaria: Javier Sabadis. Aktoreak: Teresa Andonegi, Josean Bengoetxea, Dabid Errasti, Teresa Lopez de Munain. Tokia: Errenteriko Niessen Aretoa. Eguna: Martxoaren 7a.

      “Txupatua duk, lagun” zioen astoak txakurrari Niessen lantegi zaharreko taulan. Musikaz ari zen. Edota bizitzaz. Edota amodioaz. Auskalo baina ez zen antzerkiaz ari. Ez horixe. Fregoli taldekoek antzerki kontu hori ez zuten preziso “txupatua”. Euskaraz, abestiz, dantzaz sortutako “Bremengo musikariak” izeneko lana desastre hutsa izan zen. Desastre desastrosoa. Hasiera hasieratik atezuan jarri gintuzten. Atera zen aurkezleak, konplize baino, irakasle aspergarri eta gorrotagarria zirudien. Esan zituen esaldiei ezti eztitsuegia zerien. Bai nazka... Geroxeago, horra hor mendeetan zehar, liburuak zirela, marrazkiak zirela, telebisioa zela bizirik iraun duten lau abere musikari: astoa, txakurra, oiloa eta katua. Eta berriro desilusioa. Gaizki diseinatuta zeuden laurok, desatsegin gauzatuta, zenbait kasutan bakoitzaren nortasunari jaramonik egin gabe... Aurrera, Niessen lantegi bedeinkatua betetzen zenuten neska-mutilok, aurrera, Bai, baina norantz? Antzerki lan horrek ez zuen aurrerapausorik ematen. Bueltaka zebilen, jira-biraka, gurpil zoro, ero eta itsusi batean. Kanta eta kanta, dantza eta dantza, besterik ez. Txarra musika. Txarragoa soinua. Existitzen ez zen “libretoa”. Zuzendaria batek daki non ezkutatua. Jendearen ezinegona, Ipuinaren norabidea galduta. Etortzear zegoenaren beldurrez. “Dena” nahi genuen denok, bai antzezleek, teatreroek, bai ikusleok ere eta “Ezer” baino gehixeago ez genuen lortu. Esaldi jator batekin gustatuko litzaidake bukatzea baina ezin dut. Animorik ematerik ez dago. Gaizki egindako lana da. Astuna, funtsik gabekoa. Hoberik egiteko gauza zaretela, seguru. Ahaztu lau zomorro madarikatu horiek eta ekin beste lan bati.