Munduan asko bezala...
Joxemari Karrere
Euskaldunon Egunkaria, 1993-10-02
“Ibarxola”

Kondalaria: Koldo Ameztoi. Laguntzaileak: Mitxel Etxekopar xirularia, Kakotx antzerki taldea, Gonzalo Etxeberri margolaria. Estreinaldia: Irailaren 23an. Tokia: Donamartiriko Kosteletean, Munduko Herrialdeetako Kontu eta Kontalarien 5. Jaialdia.

      Hamar urte bete ditu Koldo Ameztoik kondalari bezala. “Pirripitaka” haurrei zuzendutako ikuskariaren ondoren ia urtean behin ipuin bilduma batekin aurkeztu izan da Koldo Euskal Herriko bazter guztietan. Haur zein helduentzat aukeratutako istorioak. Batzuetan gure sutondoetatik bildutako kontakizunekin, bestetan munduko kultura ezberdinetatik hartutakoak. Hasiera batean antzerkitik gertuago, geroago kondalari izaerari gehiago eutsiz kasik eszenatoki huts batean agertu ohi zaigu, bilakaera horretan ipuin kontalaritza eta antzerkia bi mundu ezberdinak direla erakutsiz. Behin baino gehiagotan bere burua bertsolariengandik hurbilago ikusiz antzezlariarengandik baino. Betidanik ohartaraziz ipuinak kontatzeko giro goxo eta intimoa behar dela, ikuslea kondalariarengandik gertu behar duela egon, bere hatsa sentitzeko, begien dirdiraz itsutzeko, ezpainak belarrietatik hurbil egoteko. Musika bere lagun izan ohi du bere ikuskarietan, baina musikaren laguntza garrantzitsuena Oskorri taldeko Bixente Martinez gitarra jolearekin batera argitaratutako diskoan ikus dezakegu.

      Ofizio zahar honetan hamar urte betetzerakoan gure Herriko antzinako istorioetara itzuli da. “Ibarxola” auzo magikoa aurkezten digu. Bertako biztanleak komunitate bat osatzen dute mendiko basajaunekin, harpetako Marirekin, erreka ondoko laminekin. Elkarbizitze honetatik hainbat gertaera jazoko dira. Koldoren ezpainetatik etengabe ariko dira sortzen kontaera harrigarrienak, guztiak era lasai batean, ezustekorik gabe.

      Metalezko sokaz moldatutako salterioa izango du lagun bakarra, nahiz eta okasio berezi honetarako Mitxel Etxekopar txirularia, Kakotx antzerki taldea eta Gonzalo Etxeberri margolaria lagunak izan ere. Baita ere, eta urteurren honetan parte hartuz Pello Aņorga kontalari oiartzuarra ikus eta entzun ahal izan genuen.

      “Ibarxola” ikuskarian ez dugu Koldo berria ikusiko, ez dugu bide berriak arakatzen sumatuko, baina kondalari helduagorekin egingo dugu topo. Erritmoa, nahiz eta batzuetan moteldu, ahotsaren erabilera, istorioen arteko loturak, eszenografiaren eza, lekuaren goxotasuna ez bada, guztiek ikuskari leuna osatzen dute, ipuina eta kondalaria bera protagonista direlarik, besterik gabe, ikusleak irudimena jartzerik besterik ez duela.

      Azkenik esan “Ibarxola” ikuskaria bosgarren urtez Hazparnen antolatzen den Munduko Herrialdeen Kontu eta Kontalarien Jaialdiaren egitarauaren barruan aurkeztu dela. Tamalez jaialdi honek ez dauka nahi bezain beste oihartzunik Hegoaldean. Egia da frantsesa dela nagusi, egia ere propagandaren aldetik hegoaldetarrok ez dugula gehiegi jaso. Pena da. Pena dut zeren ez baitugu aukera handirik ipuin ezberdin eta hauek kontatzeko estilo ezberdinekin disfrutatzeko. Pena, telebistaren kulturatik ihes egiteko aukera bat delako. Pena ipuinak, liburuetan besterik gordetzen ez direlako. Baina, tira, zorionez Koldo Ameztoik jarraitzen du oraindik ofizio eder honetan, eta espero dezagun beste hainbeste jarrai dezala.