Taldea: Oldarra. Zuzendaria: Koldo Zabala. Musika: Beņat Axiari, Benito Lertxundi, Joakin Larregla. Dekoratuak: Tomas Hernandez. Jantziak: Claude Iruretagoiena. Musika zuzendaria: Pierre Haira. Tokia: Victoria Eugenia antzokia. Eguna: urriak 31.
Arrazoi du Koldo Zabalak. “Popularretik” oso gutxi du “Nafarroa” baletak. Tradizioetatik abiatuta (musika, akelarrea, jotak...), Nafarroako historiaren hiru garai ezberdin hautatu eta herri honen historia ikuspegi “poetikoa” eman nahi digu Oldarra baletak. Poetikoegia, beharbada.
Garai mitologikoa, Erdi Arokoa eta napoleonikoa bereizten ditu egileak. Hira garaiak ondo nabarmentzen diren arren, obra guztiari lotura eman asmo dion Arranoa, oso elementu ahula suertatzen da obraren haria eramateko. Dantzak bata bestearen atzetik ematen dira, baina lotUra argirik gabe. Dantzen arteko lotura nahasia gertatzen da. Lanzko ihauteria, akelarrea... nahasketa handia da.
Tradizioa eta modernismoaren arteko nahasketa aurkezten du Oldarrak. Lehena sinboloetan islatzen da, eta dantzetan bigarrena. Sinboloek dantzek baino indar handiagoa erakusten dute “Nafarroa” obran. Koldo Zabalak klasikoaren aldeko apustua egin du lan honetan, beharbada aurrekoetan baino nabarmenago.
Maila indibidualean kalitatea ona izan arren, talde lanean hutsuneak nabariagoak dira, ez dago elkar hartze handirik. Taula gaineko mugimenduak gehiegi landu gabeko ikuskizunaren itxura ematen dute. Ziurtasun falta nabaria da zenbait dantzarirengan.
Zenbait momentutan ikuskizunak indarra islatzen duen arren, bukaerarako Joakin Larreglaren musikarekin prestaturiko jotak ez du horrelakorik transmititzen. Bukaera eskasa berez indar handirik eskaintzen ez duen lanarentzat.
Jantzi, musika eta argien aldetik, berriz, lan bikaina egin du Oldarra taldeak. Alor hau da Oldarra taldea beste hainbat taldetatik gehien nabarmentzen duena. Koldo Zabalak zuzentzen duen ekipoak esperientzia handia du esparru honetan, eta hori nabarmen geratzen da obra guztietan.
“Nafarroa” lana aurkeztu aurretik, Zuberoako dantzak taularatu zituen Oldarrak. Ondorengo zatian ez bezala, Oldarrak gertuagotik jarraitzen dio Zuberoako tradizioari. Hala ere Victoria Eugenia antzokia ez da gisa honetako parodia bat aurkezteko lekurik aproposena. Nahiko hotz gertatu zen.
Bigarren zatiak ez zuen askoz gehiagorik eskaini. Victoria Eugeniara gerturatu zirenek gehiago espero zuten. Bukaeran dantzarien lana txalotua izan zen arren (beraiek ere behin eta berriz agurtuz jendea horretara bultzatzen zuten), Oldarrak ez zuen aurretik sortu zen ikusmina ase.