Horrela zen, ez hain aspaldi, argi ta garbi
Begoņa del Teso
Euskaldunon Egunkaria, 1993-12-08
“Hala ba zan ez ba zan sar dadila...”

Taldea: In Fraganti. Aktoreak: Ane Gabarain, Idoia Sagarzazu, Olatz Beobide. Zuzendaria: Edi Naudo. Musika: Angel Unzu, Joseba Tapia. Testuak: In Fraganti, Joxerra Garzia, Felipe Juaristi. Tokia: Azpeitian, Euskadiko XI. Antzeki Topaketen barnean. Eguna: Abenduak 3.

      Abesti malenkoniatsua agertzen da eszenatokian barrena eta Ane, Idoia eta Olatzen eztarritik goibel atera: “Hitz bakoitza gauza bat. Gauza bakoitzak hitz bat. Hala zeukan aspaldi argi ta garbi. Ama, ama zen, aita, aita eta kaka, kaka. Horrela zen aspaldi argi eta garbi. Gero esan zidaten kaka noiznahi esateko ez dela. Eta hitzak ilun egin zitzaizkidan. Tranpak egiten hasi zitzaizkidan...”.

      Niri ere In Fraganti tranpak egiten hasi zitzaidan Azpeitian. Tranpa txikitxoak. Ihesi joan zitzaizkidan Ane, Idoia eta Olatz; auskalo norantz, auskalo zeren, noren bila. Hor zeuden hirurak, hor, bitarteko, trikimailu eta errekurtsoz beteriko aktore eskarmentu handikoak. Hantxe entzuten ziren ipuin izan nahi ez zuen ipuin baten gorabeherak. Hantxe Desira izeneko tranbia baten orro itoa. Ondoan genituen bromak, aldamenean esne txarrez eta ironia primerakoaz botatako metafora egiazkoegiak... Bazegoen, bazegoen joandako ikuskizun argi ta garbi baten oihartzun amatatua. Baina atal ttipiz beteriko ordu t’erdi luze horretan nik helmugarik, tontorrik ez nuen aurkitu. Hutsetik heldua balitz bezala sentitu nuen nik emanaldia. Airean, ezerean, ezinean zintzilikatzen ziren ahalegin franko eta eder guztiak. Kuriosoa, xelebrea, madarikatua istoriotxo guzti-guztien ibilbidea. Hasi, trankil baina kuraioso hasten ziren. Gero, gailurrerako xenda hartu eta orduan, goi-goian zeudelarik, kataplan, Ane, Idoia, Olatz, kontakizun txikitxoa, musika, parranda edota tristurako beta lurrera joaten ziren derrepentean. Txalo egiteko prest zeudenek bertan behera uzten zuten nahia. Adio algara bilakatzeko zorian zen irribarrea. Hurrengoa arte, bihotzean sentitzen hasita zenuen ziztada iluna.

      Abestiak, itzuli behar diren garai eta ikuskizun horietan bezala, bazeuden “Hala ba zan ez ba zan sar dadila...” espektakuluan. Ganoragabe jarrita, esango nuke nik, alabaina. Dorpe, trakets, maitasunik gabe. Noizbehinka agertzen ziren hortik eta guk, entzun. Noiz aterako ziren sekula ez genuen asmatu. In Fragantikoak hiru direla bagenekienez, zenbat falta ziren susmoa izan bagenuen baina besterik ez... Bost axola kontakizunak melodia fantasma horiek eskatzen zituen ala ez...

      Ondotxo dakit haustura guzti horiek zuzendari eta taldekoen aukerak direla. Edi Naudok horrelakoxea, intziri batek eta batean harrapaturik, ezabaturik nahi zuen ikuskari hau. Akort, baina jokoa, apustua zenbaitetan ez da errenta fina eta kasu honetan, hanka-motz, begioker, bihotz-hotz den lan honek gezurra esan zidan Azpeitian. Nik, optimistaren filosofia aplikatu nahi izan nion Urolako hirian. Ni, maitasun sakonena azalekoa delako ustetan nengoen. Ni, antzezlan fresko eta xuabe baten sendotasun hauskorraren bila nintzen joana eta buru, animarik gabeko sakontasun mehe eta aspergarria aurkitu nuen. Baina ez nintzen desesperoan erori. Konfiantza baitiot, konfiantza kaskarin, burlati eta gizalegekoa, oraindik pilak ahiturik ez dituen hirukote horri. Kargatu beharko dute bateria, malezia inozoaz kargatu ere eta orratz sendoz azken eskaintza hau josi, Besterik ez. Gutxiagorik ere ez.