Altzairuaren erreinuan
Agus Perez
Berria, 2015-02-10
“Gerezien denbora”

Egilea: Itxaro Borda. Errejenta: Beñat Achiary. Musika: Beñat eta Julen Achiary. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Otsailak 7.

      Hasiera batean Baionako portuan estreinatzekoa zen, baina eguraldi euritsua zela eta, hango Lauga aretoan antzeztu zen lehenbizikoz Gerezien denbora pastorala, iazko ekainean, arrakasta handiz eta ikusleen entusiasmozko parte hartzearekin. Ez zen nolanahiko hautaketa Baionako portuarena, Aturriko bokaletik hurbil siderurgia handia egon zelako XX. mendearen zati handi batean, oso lotua gainera Bizkaiko burdinarekin, mearen parte bat haraino garraiatzen baitzen, itsasoz, altzairu bilakatzeko.

      Le temps des cerises (Gerezien denbora), berriz, oso kanta ezaguna da Iparraldean, Pariseko Komunaren garaietatik, eta guztiz egokia da aro industrialeko langileriaren epopeiari ikuspegi lirikoa emateko.

      Pastoral industrial honen bigarren emanaldia Itsasun izan zen, uztailean, hango gerezien famak erakarrita agian. Berriz, oraingo hau Barakaldon ematea kointzidentzia bikoitza da, Errekatxo auzoa ezaguna baita bere gereziengatik. Baina nagusiki, Bizkaiko Labe Garaiekin ezarri daitezke paralelismo harrigarriak, hala nola industria handien garapen eta desagertze bortitza, langileen borrokak, oligarkiaren sorrera eta jarrerak, immigrazioaren integrazioa eta, horren guztiaren erdian, emakumeek hartutako posizioa.

      Izan ere, Itxaro Bordak idatziko testuan rol handia hartzen dute emakumeek —langileen borroketan ere horrela gertatu zen askotan— eta protagonismo osoa eskaintzen dio Aixa izeneko emakume aljeriarrari, hilzorian dagoela gurean aurkitutako elkartasuna gogoratuz, Mixel Etxekoparen abesti ederrean bilduta. Achiaryk, bestetik, pastoralaren ohiko moldeak errespetatu ditu funtsean, baina ni bezalako ikusle arrunt batek berrikuntza batzuk antzeman ditu betiko egitura ustez aldaezinean.

      Haietariko nabariena, noski, ate banaketa izan da, urdinen aldetik langileak eta gorrienetik oligarkak, jendarmeak eta politikariak irten baitira. Hizkuntzaren erabileran ere, berria da euskara batu estandarrerantz hurbiltzeko ahalegina —Su eta Gar eta Jo eta Keren sataneriak, ordea, zubereraz eman dira—, eta aipatzekoa da frantsesez eta okzitanieraz (gaskoieraz) izandako zati laburrak.

Gainontzeko berrikuntzek lotura eduki dute talde osoko mugimendu koreografikoekin eta klase sozial bakoitzeko barne erritmoarekin: urdinak lasai eta sendo ibili dira eta gorriek pribilegioak galtzearen urduritasuna adierazi dute beren ibilera arinean. Bestalde, une jakin batean asto eder bat eta bospasei ardi sartu dira eszenan, artzain-txakurra eta guzti, eta jarraian taloak banatu dituzte airetik, Okzitania aldeko laborari maizterrek industriako langileei erakutsi zieten elkartasuna gogoratuz.

Jantzien kalitatea ere ikusgarria izan da, baina agian musikaren tratamenduan gertatu dira aldaketarik nabarmenenak: hasiera eta amaierako pasarte erritualak betikoak izan dira, baina Achiaryren konposizioekin batera a capella abestu dira Zuberoako kanta eder batzuk, bai bakarka bai abesbatza eran eta baita ere, nola ez, Alain Renarden Gerezien denbora ederra, Bordak berak bikain euskaratua. Azkenik, aretoa goraino betetzen zuten ikusleek gogo handiz gaitzetsi dituzte boteretsuen laidoak, eta gogo berarekin eskertu dute antzezle guztien prestakuntza eta emanaldi osoaren kalitate bikaina.