Gidoia eta zuzendaritza: Markeliñe taldea. Zuzendaritza artistikoa. Jose Ibarrola. Aktoreak: Jabier Renobales, Iñaki Egiluz, Jose Ramon Martinez, Nerea Astoreka, Jon Kepa Moreno. Argiztatzea: Marcial Estevez. Jantziak: Bego Rodriguez. Atrezzoa: Javier Fernandez, Kepa Bengoetxea eta Andres Alonso. Piroteknia: Astondoa.
“Mudo fantástico”, “Plumas celestiales” eta “Entretejas” antzezlan mutuak ikusi ondoren, gogo biziz eta jakinguraz itxaroten geunden jada Markeliñeren azkeneko muntaia, baina azkenik ikusi izan ahal dugu, Getxoko XII. antzerki jardunaldiei esker.
“Kubierno” izeneko gaur komentatzen dugunean taldearen norabidea eta posibilitateak aldatzen eta zabaltzen dira, aipaturiko beste aurreko ikuskizunekin konparatuz gero. “Armagedon” lanean jorratu zuten kale-antzerkira itzultzen dira berriro oraingo honetan, ohizko hiru antzezleak bost bihurtu dira bestalde, eta harrigarria da erabiltzen dituzten bitartekoen aniztasuna: maskarak, zangoluzeak, piroteknia topera, efektu bereziak, bolumen handiko egiturak, eta musika hautapen ederra; labur esanda, goi mailako giroztapen orokorra. Kalea oso zaila den espazio eszenikoa da, baina Markeliñeren taldekideek erabat lortzen dute betetzea aipaturiko baliabide guztien bitartea, aktoreen presentzia eta aktuazioak ahaztu gabe, jakina. Berez sinbolista eta ez-lineala den ikuskizun honen xehetasun bat ere ez dute galtzen ikusleek; gure arreta finkaturik, hipnotizatuta bezala geratzen da eta tinko mantentzen gara, nahiz eta gaua hotza izan, antzezlana bukatu arte, ekintzaren eraginak punturik altuena lortzen duen bitartean.
Baina “Kubierno”-ren mamia ez dugu oraindik azaldu, eta boterea da: boterearen historia eta gorabeherak. Beraz, ez da arraroa itzelezko kubo bat botere edo gobernuen sinbolotzat hartzea eta berezkotzat jotzen dugu George Orwell bera aipatzea, zeinak tiranoen jausia eta birsorketa hain argi islatu baitzuen “Rebelión en la granja” nobelan. Ildo beretik, nahitaezkoa zen taularatze honen tirano bat nobelaren txerri protagonista bezala karakterizaturik agertzea. Ikuskizunaren beste erreferentziak urrunago ditugu nolabait eta estetikaren arloan kokatzen dira: “Kubierno” ikustean adibidez, ia ebitaezina dut “besaulkirik gabeko antzerkiaren” erregeak diren taldeez gogoratzea, Commediants edo La Fura dels Baus kasu. Talde hauekin esperimentatu ditudan irudiak eta sentsazioak bururatzen zaizkit behin eta berriro eszenaratze honetan, baina inork pentsa ez dezala erreferentzia mota hauek kritika moduan atera ditudanik, ez ordea; oso interesgarria deritzot Markeliñeren proposamen honi, baita freskagarria ere nahi baduzue (nahiz eta abenduan izan), azken erreferentzia bere betiko estilo propioa mantentzeko taldearen lana delako, hau da, umore ona, molde estetikoen leuntasuna, gorputza eta keinuen garrantzia, eta... poesia apur bat. Boteretik kanpo geratzen diren toki gutxietan loratzen bada ere.