Agirre harrigarri hori
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1995-05-24
“Molly Bloom”

Izenburua: “Molly Bloom”. Egilea: James Joyce. Taldea: Agerre Teatroa. Zuzendaria: Maite Agirre. Antzezleak: Maite Agirre eta Jonan Goenaga. Biolontxeloa eta ahotsa: David Azurza. Eszenografia: Koldo Jauregi. Argiztaketa: Koldo Remiro eta Xabier Lozano. Jantziak: Juan Carlos Yerobi eta Jonan Goenaga. Non: Bilboko La Fundicion aretoan. Noiz: maiatzaren 19an eta 20an. Iraupena: ordubete eta hamar minutu.

      Agirre harrigarri hori Maite deitzen da eta berak proposatuta elkartu dira lau talde gipuzkoar euren lanak aurkezteko Bilboko La Fundicion aretoan lau asteburutan zehar. Lehenengo txanda Maite Agirrek zuzentzen duen Agerre Teatroari tokatu zaio “Molly Bloom” lanarekin; izan ere, muntaia estreinatu .zutenetik hainbat tokitan taularatu da jada, Euskal Herriko muturra den Bilbo honetara etorri baino lehen. Molly Bloom James Joyceren “Ulysses” nobela mitikoko pertsonaia bat dugu. Azken atalean Joycek hirurogei orrialde jarraian idazten ditu puntuazio ikurrik erabili gabe bertan emakume honen gogoetak askatasun guztiz agerraraziz, eta hauxe da izan ere Maite Agirrek erabili duen testu bikaina gaur komentatzen dizuedan antzezlanean.

      Bikaina zein ikusgarria dugu era berean eremu eszenikoaren apainketa. Bertako zorutik milaka hosto lehorrak ikusten dira, bizitzaren atal iraganen sinbolo gisa agian. Eroritako hostoek, oroitzapenek bezala, ez dute batere funtziorik betetzen, jada inolako baliorik ez dutela esango genuke, baina hain ederrak dira. Gogoko dugu ikustea eta gustatzen zaigu zapaltzean sortutako zurrumurrua. Orbelaz aparte, goroldioz estalitako gau-mahaia, aulki kulunkari bat eta ohea dira leku zoragarri honetako beste elementuak, baina hau ez da guztia zeren ohetik zuhaitza, emakume edo kimera baten antza duen koloretako eskultura eder bat eme, hazi baita. Zeharo murgilduta gaude bada gogoeta eta ametsen arteko mundu batean. Gau honetako gizonak lotan jarraitzen duen bitartean erabateko naturaltasunez ekiten dio Mollyk hitz egiteari, bakardadean ozenki pentsatzen dugun moduan inork ez gaituela entzuten uste dugulako. Bere gogoetan atzeranzko begirada botatzen dio Mollyk bizitzari, ideiak bata bestearen ondoan kanporatuz eta elkarren segidan lotuz, hitzak pentsamendua bezain arin darizkiola. Hasiera batean akaso arinegi deritzogu erritmo honi, baina laster jabetzen da Maite bere rolaz eta argiro sumatzen dugu zelan gozatzen duen pertsonaiarekin, zelan berreskuratzen dituen galdutako gogorapenak berarentzat bakarrik eta zelan uzten dituen libre bere buruko pentsamenduak inolako inhibiziorik gabe bakarrik geratu delako beraren oroitzapenen artean, baina beharbada gizon batekin oheratu berria delako ere, ametsetan ibiltzeko momenturik aproposena hauxe izanik beraz.

      Noizean behin ohean dagoen gizonak mugimenduren bat egiten du, joandako emakumea bilatzeko nahian edo, baina ez da ardurarik, loak hartuta dago barru-barrutik. Mollyk bitartean gogoetan jarraitzen du, gelatik paseatzen da, hatz egiten dio bere buruari, txiza egiten du, dibagatzen du eta kantu marmarian aritzen da David Azurzaren biolontxeloaz eta ahotsez lagunduta. Dibagapenen amaiera ailegatzen denerako bera bakarrik dago argipean, beste guztia iluntasun trinko batean desagertuz doala. Bera ere desagertzean, isiltasuneko segundo luze batzuk igarotzen dira eta orduantxe egiten dute eztanda txaloek: teatroaren mirakulua bukatu egin da.