Egungo amak
Javier A. Alvarado
Euskaldunon Egunkaria, 1995-11-26
“Denak errudun”

Taldea: Tanttaka. Egilea: Marlne Tartour. Aktoreak: Teresa Calo, A. Cuende, Mireia Gabilondo eta Gabi Losada. Zuzendaria: Pere Sagrista. Tokia: Gastelzko Princlpal antzokia. Eguna: Azaroak 14.

      Badago gauza bat ezin uka dakiokeena Tanttakaren muntaia honi: erabateko garaikidetasuna. Testuak, Martine Tartour eleberrigile gaztearen opera prima-k, era argi eta umoretsuan aztertzen du amatasunaren egungo mundu konplexua. Protagonista nagusiez mintzatzen zaigu, 30 urte inguruko emakumeez, beren bizitza errotik eta ezinbestean aldatzen ari dela ikusten dutenez.

      Erditzea, seme-alabak izatea aspaldiko kontua da, baina, dudarik gabe, garaiak aldatu egiten dira, eta une historiko bakoitzean era desberdinean erreparatzen zaio amatasunari. Egun, testuak oso ondo azpimarratzen duenez, lehen mundua deritzoneko emakumeak selektiboagoak dira eta, eskuarki, hobeto prestatuta daude (besterik ez bada ere —obran ironiaz adierazten diguten bezala— Pediatria edo Psikologia Ebolutiboko eskuliburuak irakurtzen dituztelako), baina, aldi berean, lan merkatuan erdi integratuta daudenez, amatasunak, oro har, geure amei —esaterako— baino arazo gehiago (edo desberdinak) ekarriko dizkie gizartean.

      Obrak aurkezten dizkigun lau emakumeek era gutxi-asko komikoan aztertzen dituzte beren bizitzak aldatuko dituen eta erantzun egokirik emango dioten ez dakiten gertaera batek beren baitan eragindako bizipenak, sentimenduak eta beldurrak.

      Haurdunaldia, erditzea eta heziketa: lan eskerga, ezin asmatuzko emaitzak izango dituena. Porrotaren itzala etengabe luzatzen duen eginkizuna, alegia, non erruduntasun sentimendua (injustua eskuarki) edozein unetan ager baitaiteke.

      Tanttaka konpainiak lau artista on (T. Calo, A. Cuende, M. Gabilondo eta G. Losada) hautatu ditu testua aurrera ateratzeko, oraingo honetan Pere Sagristak zuzenduta. Guztiek ere nahiko tonu dramatiko ona dute, eta taula gainean gidoiak eskatzen duen naturaltasun eta erraztasunarekin mugitzen dira. Obrak, ordea, hainbat akats ditu, baina muntaiaren arduradun guztien artean era proportzionalean banatuko genituzke.

      Nahiz eta, esan dugun bezala, gidoiaren dikzioa ona izan zen, ugariak izan ziren errezitazio hutsegiteak (dozena erditik gora), eta horrek, jakina, urduritasuna eta deskontzentrazioa eragin zuen entzuleen artean.

      Baina, gure ustez, aukera honetarako diseinatutako planteamendu dramaturgiko eskasa izan zen akats nabarmenena. Eta ez eskasa atrezzo-rik edo eszenografiarik batere ez zuelako (dena tarima zabal baten gainean gertatzen da: obran erabilitako elementu eszenografiko bakarra), baina, areago, ez zituelako beharrezko baliabideak eskaini antzeztu ziguten testuaren garapen monotonoa arintzeko. Garapen hori, bestalde, helburu eztabaidagarria eta gauzatze oraindik eztabaidagarriagoa izan zuten hainbat ilunaldi-k bakarrik eten zuten.

      Horregatik guztiagatik, emaitza testu interesgarria duen eta noizean behin barre eragin diezagukeen obra bat da, nahiz eta bere garapenean akats bat izan: lautasun dramatiko kezkagarria.