Bazen garaia!
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-03
“Nerudaren postaria”

Taldea: Maskarada. Zuzendaria: Carlos Panera. Aktoreak: Xegundo Altolagirre, Ramon Castro, Justi Larrinaga, Katrin Schlegel, Patxi Ugalde eta Jokin Oregi. Lekua: Zornotza Aretoa. Data: Irailaren 26a.

      Bai lagunok! Ia uda osoa eman dugu antzezlan azpimarragarririk ikusi gabe, eta pozez beterik hartu genuen berria Maskarada antzerki taldeak Nerudaren postaria estreinatuko zuela jakitean. Bai, badakit udako antzerkialdia egon dela Bilbo aldetik —urtero legez bestetik—, baina ez iezadazue esan mesedez emanaldi mota hauek teatro izena merezi dutela, Jakin badakit bizpahiru produkzio erdi presentagarri ere egon direla tartean baina, edo jada ikusiak nituen, edo ikusteko gogorik ez. Lan honen estreinaldira nindoanean, izen bereko filmaz gogoratzen nintzen (nola ez) eta pentsatzen nenbilen zeinen zaila izan behar duen halako obra ezagun bat eszenatokira moldatzea ikuslea defraudatu .gabe, zeinen zaila Massimo Troisi aktore maitatuaren sentiberatasuna jasotzea, Nerudaren pertsona miretsiari huts ez egitea, film eder hartan batutako poesia guztia —hitzen poesia zein irudiarena— ez galtzea. Labur esanda, Antonio Skarmetak idatzitako nobelaren izpirituari fideltasunez jarraitzea. Argi dago oso erronka gogorra onartu dutela aukera honetan Maskaradakoek, baina ahal zutelako hartu dutela esango nuke nik, taldeak dauzkan ibilbide eta eskarmentu luzea kontuan izanda posible ikusi dutelako.

      Hasteko eta behin egokitzapen lana da aipagarriena, eta atal honetan testua bera eta eremu eszenikoa sartuko nituzke. Nik ez dakit benetan zer hartu eta zer moztu duten jatorrizko eleberritik, baina agerikoa da filmeko hainbat momentu hunkigarri birbizitzeko parada daukagula eta oso euskara naturalean eman dituztela testuaren pasarterik ederrenak maila literarioari aldi berean eutsiz. Moldatze lanarekin jarraituz, obraren toki fisikoak nola taularatu izan zitekeen oztopo handienetariko bat. Baina egokitzapen honetarako hiru esparru nagusi aukeratu dira, posta bulegoa, Nerudaren etxea eta ostatua alegia, nahiz eta beste batzuk ere egon, eta planteamendu eszeniko adimentsu bati esker lortu da hirurak ederki irudikatzea eta batetik bestera arintasunez pasatzea. Lan aktoralari begira, postaria eta poetaren pertsonaiak sinesgarritasunez janzteak nahiko zaila zirudien arren, bete-betean igarri dutela esan dezakegu. Xegundo Altolagirrek eskainitako aktuazioa antologiakoa iruditu zitzaidan, karakterizaziotik hasita eta postariaren izaera maitagarria gauzatzean amaituz. Neruda gorpuzterakoan ere izan zen garrantzi handikoa karakterizazioa, nahiz eta kasu honetan Ramon Castroren itxura atseginak asko lagundu poetaren irudia ematen. Honen aktuazioa eta posta bulegoko nagusiarena ere bikainak izan ziren eta bigarren plano batean utzi zituzten beste hirurenak (ostatuaren jabea, bere alaba eta Labbe diputatuarena), hirurak dena dela duinak eta zuzenak izan baziren ere.

      Alde hobegarriak aztertzen baditugu, nabaria izan zen erritmoaren jausiera lanaren erdi aldera edo. Eta horren arrazoiak mota ezberdinetakoak izan litezke nire ustez: adibidez momenturik dramatikoenetan bi emakumeek konbentzimendu gutxi erakustea edota agian testuaren gehiegizko luzera, baina gogoratu ere jatorrizko nobela bera oso modu bizian hasten dela gero bizitasun hori apurka galduz joateko, orriak aurrera doazen ahala. Dena dela, tentsio dramatikoa berreskuratu egin zen azken eszenekin batera Txileko gertakari tragiko haiek piztutako oroimenek lagunduta eta, horrela, Zornotza Aretoko publikoak txalo zaparrada bero batekin agurtu ahai izan zuen Maskarada taldearen lan miresgarri hau.