Etorkin baten gorabeherak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-20
“Alo, Europa?”

Konpainia: Markeliñe. Eszenografia: Jose Ibarrola. Argiztaketa: J. Kepa Moreno, Paco Trujillo. Mozorro eta panpina: Javi Fernandez. Jantzi eta dekoratuak: Mª Jose de la Hoz. Piroteknia: Astondoa. Aktoreak: Javier Renobales, Ana Meabe, Joserra Martinez, J. Kepa Zumalde, Lekua: Zornotza. Eguna: Maiatzak 16.

      “— Nor ote dago ateari joka?

      — Jende-oldea da, kolore askotako jendea.

      — Eta zer nahi dute?

      — Hotz dira, gose dira, amorru bizian datoz.

      — Itxi ateak eta begiratu beste alderantz!”

      Elkarrizketa labur horrekin aurkezten dute Markeliñe antzerki taldekoek euren azken ikuskizunaren ideia. Europa zaharrak, esne-mamitan bizi denak, zerratuta ditu ateak etorkinentzat edo, hobeto esanda, diru gutxi duen ororentzat. Gotorlekurik hertsiena bilakatu da gure kontinente oparoa eta gauza jakina da lagun askok galtzen dutela bizia Gibraltarreko itsasartea zeharkatzen bizimodu duinago baten bila eta, lortzekotan, baldintza eskasetan bizi direla gure artean. Kalera irten besterik ez dugu egin behar egoera horren berri izateko. Markeliñekoek ere heldu nahi izan diote arazoari Alo, Europa? kale-muntaiaren bidez, eta Zornotzako plaza batean eman zuten estreinako emanaldia larunbat gauean, ikusle txiki, gazte eta nagusi ugariren aurrean.

      Hamar urte baino gehiago igaro dira jada Zornotzako talde historikoa hasi zenetik Mudo fantástico harekin eta makina bat muntaia plazaratu dituzte harrezkeroztik Euskal Herriko eta Europako leku askotan. Taldearekin hasi ziren hiru antzezle haiek gehiago dira gaur egun, baina oraindik ere gordetzen dituzte euren betiko ezaugarri goxoak, hala nola umore fina, keinu landua, samurtasuna eta giza-arazoen gaineko begirada poetikoa. Eurek egindako kale-antzerkiaren arloan, gogora ditzagun besteak beste gerraz mintzatzen zen Armagedon famatu hura eta geroago etorri zen Kubierno ere, botereaz aritzen zena. Aurrekoetan bezala, hainbat elementu eta lengoaia dramatiko ezberdin erabiltzen dituzte Markeliñe-koek Alo, Europa? honetan ere. Hitzik gabeko azken muntaia hau, gainera, oso deskriptiboa da lehen esandakoekin konparatuz gero; argia eta grafikoa egiten zaigu hasieratik amaitu arte, eta —inguruan zeuden ikusleen komentarioen arabera— ia ezinezkoa da pasarteren bat ez ulertzea. Didaktikoegia eta guzti da nire gusturako, baina aldi berean pentsatu behar dugu kale-muntaia batez ari garela, eta kaleko baldintzak eta publikoa ez direla areto baten barruan egon ohi diren berberak.

      Dramaturgiaren arloan, hiru elementu dira nagusi muntaiaren estetikan: aurrena eta ikusgarriena metalezko egitura erraldoia da, gotorlekua, hiria edota mundu aberatsa irudikatzeko erabiltzen dena. Berarekin batera zubia dugu elementu sinboliko eta kontraesankor gisa, komunikazioa ezarri ahal duelako bi munduen arteko amildegiaren presentzia nabarmendu arren. Eta azkenik (beti azkena) etorkinaren figura dago. Bera da benetako protagonista, bere munduan gorriak igarotzetik datorrena eta gurean are gorriagoak ikusten dituena, istorioak azaltzen digun legez. Ikuskizunaren erritmoa etenik gabea da eta ondo baino hobeto josten dira elkarren segidako eszenak soinu-banda ederraren laguntzaz. Ekintza zenbait lekutan garatzen da, hala metalezko egitura gainean nola kalean bertan edota ikusleen artean ere, hankapalu, efektu pirotekniko, maskara, mozorro eta beste hainbat sorpresaren bitartez. Esan dezagun azkenik kale-antzerkirako eskarmentu luzea erakusten dutela Markeliñeko kideek argumentuko pertsonaia ugariak gorpuzteko eta distira emateko muntaia bizia, mingotsa eta ikusgarri honi.