Mimoa eta musika, elkarren lagun
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-03-14
“Underground”

Konpainia: Markeliñe. Lekua: Zornotza aretoa. Data: Martxoak 19.

      Egunotan, kasualitatez edo, musika eta mimoa ezin hobeto uztartzen dituzten bi lan programatu dira ia-ia aldi berean.

      Haietariko lehenengoan London Mime Theatre konpainia ikusi dugu. Izen horrek, beharbada, ez dizue gauza askorik esango, baina askoz seguruagoa da Nola Rae ezagun izatea. Izan ere, Nolaren sona handia da mimoren alorrean, eta ohoretzat har daiteke bere piezaren bat ikusi izana. Horrexegatik, gogoratu beharra dago beste hiru aukeratan-edo egon dela Eibarko Antzerki Jardunaldietan, azkena 1994an, Bilbon eta Basaurin urte berean antzezteaz gain.

      Orain ekarri duen Mozart nahaspilaria ikuskizun magikoa da, inondik ere. Magikoa izan behar du antzezle bakar batekin eta oso elementu gutxirekin haren bizitzaren pasarte esanguratsuenak birsortzeko eta ikusleen arreta uneoro bereganatzeko. Bestetik, jakina da Nolaren maisutasuna objektuen antzerkian, baina kasu honetan panpinek hartzen dute objektuek baino pisu gehiago, haien bitartez irudikatzen dituelako musikariaren aro ezberdinak.

      Bestalde, Mozarten musika-pasarte ugariak entzuten ditugu lanean zehar, eta oso dibertigarriak dira, esaterako, musikarekin egindako txantxak, edota konpositoreak lau pieza aldi berean nola idazten zituen ikustea. Musika, beraz —eta ezinbestez— edonon entzuten dugu obra honetan, baina Nolak jakin izan du isiltasunerako uneak gordetzen, ondotxo dakielako orduantxe hasten delako benetako magia, bere keinuen eta, batez ere, bere begiradaren poderioz, betiere bere erritmo geldoaz gozatzen jakinez gero. Hortaz, Elorrioko Arriola aretoan geundenok —gazteek zein nagusiek— txalo bero eta luzeekin eskertu genuen emanaldia.

 

      Musikariak satorren bideetatik

      Bilboko metro ponposoa estreinatu zenean Bermeoko nire lagun eta lankide batek hauxe esan zidan: “Ni behintzat satorren bidetik ez naiz sekulan joango”. Berarekin ados egon ala ez, metroko korridoreetan aritzen dira Markeliñe taldekoek Underground lanean, Ekialdeko Europatik etorritako hiru musikariren planta egiten. Jantzi dotoreak daramatzate eta musika politak jotzen dituzte, baina Europa aberatsean jendeak ez du beraientzako astirik.

      Markeliñek bere betiko estilo gizatiarrarekin ekin dio lanari, egoera tragikoaren alde humanoa beste ezeren gainetik nabarmenduz, eta benetako sakontasuna lortu du, istorioaren ustezko txikitasuna gaindituz. Bestalde, nik esango nuke inoiz baino landuagoak izan direla soinu-banda, dramaturgia eta gorputzekin sortutako ikuste-efektuak. Azken horien artean, bereziki mirestekoak dira eskailera mekanikoena eta haietariko jaka batekin sortutako panpinarena, baina, egia esan, obra ikuste-efektuz josita dago eta zein baino zein politagoak dira.

      Amaitzeko, eta taldearen balizko estilo aldaketari dagokionez, zera esango nieke Markeliñekoei: zabaldu eta jorratu duzuen bidean mundialak zarete, lagunok, azken sariek eta arrakastek frogatzen duten moduan. Datozen lanetarako, beraz, ez duzue zertan aldatu, sakondu baizik dramaturgiaren eta gorputz adierazkortasunaren bideetan, oraingo honetan egin duzuen moduan. Amen.