Garrantzi gutxiko feria
Joxemari Carrere
Euskaldunon Egunkaria, 2001-07-18
Donostiako Antzerki Feria

 

      Donostiako beste antzerki feria bat amaitu, eta zer gelditzen zaigu? Egia esan, aipatzeko gauza handirik ez. Ez dugu ikuskari harrigarririk gozatu, antzerkiaren lilura gure arimara ekarri duenik edo, besterik gabe, halako antzerki jaialdia antolatzeko justifikatzen duenik. Aurten, inoiz baino gehiago, antzeman diot nik feria honi Donostiako udako kultur eskaintza baino ez dela. Orain Jazzaldia etorriko da, gero Aste Nagusia eta amaitzeko Zinemaldia. Arazoa da antzerki eskaintza hau besteak bezain serio hartzen dutenik Gipuzkoako hiriburuko kultur arduradunek. Horren froga bat da San Telmo leku kaskarra erabiltzea Kursaaleko aretoak hutsik egonda. Garestia dela bertan egitea? Ez da, bada, udal areto bat? Gestio pribatua duela? Eta? Bestelako emanaldiak bertan eskaintzen badira zergatik ez garrantzia eman nahi zaion jaialdi honetan aurkezten direnak? Esandakoa, behar bezalako garrantzia ematen ez zaiolako. Baina nori axola zaio antzerkia, benetan?

      Egia da lan handia egiten dela programatzaile zein banatzaile ugari ekartzen. Egia da ere estilo ezberdinetako ikuskariak programatzen saiatzen direla, eta, gainera, estreinaldiak ahal bada. Egia da, era berean, hiriko hainbat antzoki erabiltzen direla, eta horrek nolabaiteko dezentralizazioa dakarrela. Ikusleen erantzuna ere polita da. Lan handia egiten ez denik inork ez du zalantzan jarriko. Zalantzan jarri daitekeena da, ordea, ea hartzen den lan antzerki jaialdi eragingarria lortzen ote duen. Nik ez dut uste horrela denik. Ez dut uste lortzen denik lau egunetan Donostia eta, ondorioz, Euskal Herria antzerkiaren gunea izatea lau egunez. Gero eta gehiago antzerki programazio soila bihurtzen da, antzerkigintzari aportazio handirik egiten ez diola. Nire ustez, halako programazioa bertan lanean diharduten antzerki eragileekin elkarlan estuago batekin egin beharko litzatekeela, ez bakarrik merkatu gisa, baina baita ere antzerkigintzaren erreferentzia gisa. Beno, nire ustea da, agian ustela.