Erraldoi izan nahi
Agus Perez
Berria, 2016-03-22
“Altzoko Haundia”

Testua: Koldo Izagirre. Konpositorea eta musika-zuzendaria: David Azurza. Txotxongiloen eta eszenografiaren diseinua: Nestor Basterretxea. Abesbatza: Orfeoi Txiki abesbatza. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Data: Martxoak 20.

      Altzoko Handiaren historia eszenikoki jaso dugu Donostia 2016en, Topic Txotxongilo Zentroaren eta Barakaldo Antzokiaren eskutik. Proiektu handi honen bidez XIX. mendearen lehen erdian bizi izan zen Altzoko gizon erraldoiaren figura berreskuratu da, bere bizitza tristea gaurko balioen ikuspegitik aurkeztuta eta haren bihozberatasuna, tolesgabetasuna eta naturarekiko miresmena balioetsiz.

      Prozesuan zehar osagarri asko elkartu dira Topicen jatorrizko ideiaren inguruan, haietariko nagusia musika izanik, eta azkenean txotxongilo bidezko opera bezala definitu genezake emaitza, abestearen arte handiarekiko distantziak hartuta. Musikari talde txiki batek interpretatu du zuzenean David Azurzaren partitura estimagarria —biolina, klarinetea, flauta, perkusioa eta eskusoinua—, eta berak zuzendu ditu bost musikariak, hiru abeslari solistak —baxua, tenorra eta mezzosopranoa— eta Orfeoi Txiki abesbatzako gaztetxoak. Dena txukun-txukun ibili da musika arloan, eta ni bezalako melomano baten iritziz, behintzat, aipatzeko modukoa da gaztetxoen ahots finduek lortu duten gozotasuna.

      Hortaz, zuzeneko musika izan da emanaldiaren ardatza, baina harekin batera Koldo Izagirreren libretoa eta Nestor Basterretxearen Txotxongiloak nabarmendu behar dira. Izagirreren testuak lehen esandako balio moralak azpimarratu ditu, Altzoko erraldoia beste plano batera eramanez eta haren soiltasunetik etor litezkeen ukitu poetikoak lehen planora ekarriz. Baina zoritxarrez, hori guztia instrumentuen hotsen eta akustikaren azpian geratu da, eta horrek pentsarazten dit ez legokeela gaizki egon libretoak banatzea guraso eta ikusle helduen artean, Bidador eta Gerezien denbora pastoraletan egin zen bezala, hitzen ulertzea errazteko eta testuaren beraren iraupenerako. Gainera, kontuan izan behar dugu hasierako pasarteetan dekoratuko panel handien atzetik eta batere teknikarik gabe hitz egin dutela antzezleek, eta horrek erabat zaildu duela ezer ulertzea, halako moldez non alboko pantailetara jo behar izan dugun, haietan gaztelaniazko testua besterik ez dugula aurkitu.

      Zalantzarik gabe, beste osagai nagusia Nestor Basterretxearen totem itxurako txotxongiloak eta ildo bereko eszenografia izan dira. Hori bakarrik nahikoa zen emanaldia ikusi nahi izateko, baina ikuskizunaren zuzendari artistiko baten ezean —badirudi ez duela inork hartu ardura hori— ezerezean geratu dira bai Nestorren maskarak bai eszenografia bera, ganorarik gabeko beste panpina handi zein txiki batzuen artean eta planteamendurik gabeko dramaturgia zapalean galduta. Ez dut pentsatu nahi zer esango lukeen Nestorrek burua altxatuko balu!

      Azkenik, salatu beharra dago txotxongiloen maneiatzaileek edozein gauza mugituko balute bezala jokatu dutela, panpinei inolako emoziorik edo nortasunik eman gabe eta mugimendu hutsalaren azalean geratuta. Txotxongiloak maneiatzeak prestakuntza sakona eskatzen du hainbat arlotan, eta ez dago edonoren esku. Agian horregatik saiatu dira maneiatzaileak beraien aurpegi, imintzio eta esku-hartze agerikoekin osatzen txotxongiloekin egiten ez zekitena.