Azkenak lehenak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2002-03-19
“John Wayneren laguna”

Konpainia: Ados. Egilea eta zuzendaria: Garbi Losada. Euskarazko bertsioa: Bea Zabalondo, J.L. Aranguren “Txiliku”. Eszenografia: Jon Berrondo. John Wayneren ahotsa: Iņaki Beraetxe. Musika: Joxan Goikoetxea. Bideoa: J. Alonso, R. Lopez. Antzezleak: Koldo Losada, Martxelo Rubio, Teresa Calo, Aintzane Gamiz, J. Barandiaran, J. Ezkurdia. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Data: Martxoak 14.

      Antzerki estreinaldi bat beti da albiste pozgarria, eta are gehiago euskaraz izatekotan. Horrelakoa gertatu berri da Donostiako Antzoki Zaharrean, Ados Teatroak ekoitzitako John Wayneren laguna-z ari gara. Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako lan honetan Xanti izeneko gizon atzeratua dugu protagonista. Egia esan, ez zait inoiz gustatu atzeratu hitza, badirudielako besteok aurreratuagoak garela edo, baina horrela agertzen da obraren esku-programan ere eta argi dago Xantik normala dena baino buru-ahalmen gutxiago duela. Eta normaldutako gizarte honetan normala ez dena lekutik kanpo dago, antza. Batez ere sentimenduen arloan.

      Gauza bera gertatzen omen zaio Xantiren anaiari. Berak oso kontrolpean du guztia, eta sentimenduek ez dute oztopo izan behar bere ibilbidean. Beraz, Xantiren izaera arazo bihurtzen da, eta horixe da egileak planteaturiko gatazka, argumentuaren pasadizoen gainetik.

 

      Kontraste handiak aktore-lanean

      Jakina, paper nagusian datza lan honetako zailtasun handiena, baina esan beharra dago Koldo Losadak primeran betetzen duela atzeratuaren rola. Bizitzan azkena zena lehena da taula gainean eta Koldok bikain eusten dio desafioari. Berarenak dira lehen eta azken esaldiak eta berak darama gehienbat drama eta komediaren arteko zama, une guztietan sinesgarri eta zoragarri eginez tokatu zaion pertsonaia zaila.

      Kontrakoa esan daiteke, zoritxarrez, gainerako aktoreen kasuan. Beharbada protagonistarekin konparatzeagatik izan daiteke, baina gehienak makal ibili ziren estreinako gauean, eta haietariko bat edo bat oso makal. Eta kontua ez da bakarrik nork bere pertsonaia ganoraz ez betetzea, baizik eta guztien arteko giroa ez zela inongo momentutan mamitzen, nik ez dakidala zergatik.

      Agian Jon Berrondoren diseinuzko eszenografiak sortu du berotasun eskas hori. Erabilitako bideoak ondo txertaturik daude, testua interesgarria da..., beraz, zerbait falta zaio lanari.

      Emanaldia ikusten nengoela sukaldaritzaren adibide unibertsala zetorkidan burura behin eta berriro: marmitakoaren osagaiak bertan daude, baina jakia ez da behar den beste egosi, edo saltsa ez da oraindik loditu... Batek daki, baina argi dago mahaira atera baino lehen zer edo zer egin beharko duela Losada sukaldariak John Wayneren laguna honekin.