Etnologoa izurrite seinale...
Mattin Irigoien
Euskaldunon Egunkaria, 2002-05-14
“Alboblai etnologoa Yuyunbeen herrian”

Antzerki taldea: Donibane Garaziko Lizeoko ikasleak. Zuzendaria: Antton Luku. Non: Izpurako Fauxtin Bentaberri gelan. Noiz: apirilean.

      Urte guziez berantesten dugu Garaziko Lizeoko kreazioaren emaitza. Eskolako biziari datxikola, Antton Luku eta hamasei-hemezortzi urte arteko hogei bat ikaslek, abentura berri baterako gomita prestatzen digute, larrazkenean hasirik, apirileko loratuz aldi oro.

      Alboblai etnologoa Yuyunbeen herrian obrak, aurten ere plazeraren marra hunkitzera eraman gaitu. Beren laborategitik koktel arras gustagarria atera dute, oraingoan Afrika b eltzean kokatua, leinu primitiboek sortzen dizkiguten fantasma guzien eta eskualde horietan zurien interesek inposatzen duten kolonialismo basatiaren artean kulunkatuz. Kulunka berezia, artistek djenbeen soinuan eta gorputzen koreografia ongi moldatuetan eginarazi digutena. Bai, hauen lerratze eta sinkronismoaren batasunak dantzan sartzeko emeiaz bete gaituela aitortu behar.

      Memento azkarrak izan dira antzerkian barna, gure eskualdeko antzerkiari mami eta bide berritzearen ibilaldian aise koka daitezkeenak. Olinpio iraultza hitzematen zuenaren erailketaren iradokizuna hauetarik zen. Marionetista eta bere protagonista putchistak lotzen dituen hariak asmatu behar izan badira keinuetarik, matxete ukaldian mozten diren biziaren edo pentsatzeko libertatearen hariak, ageriko hariak, dira Olinpioren heriotza gauzatzen dutenak. Arte hortan Yuyunbeen basamortuan, Peter, alias Alboblai, etnologogintzan dabil. Sobera dakigun exotismo eta azpi-kulturaren ezaugarriak ikusi nahirik bere ikerketa gaian. Haatik, harrigarrizko leinua erakusten digute, bere izatea errex asumitzen duena, ahalge konplexurik gabe “jakintsu” ez-jakin horren aitzinean. Iraganari deusik zor ez diote iduriz, eta guhaurek gure nortasunarekin darabilzkigun besatara bat topiko begi kliska batzuez biluzi dizkigute. Etorkizunak etnologoen aztergai soil izatera kondenatzen dituen “gibelatu” horiek, errealismo eta zuhurtziaren sentsu azkar bat agertu digute. Galtzaileotaz homologatzen zaigun irudiari oldartzeko ote?

 

      Yuyunbeen hizkuntza bizkaitarra

      Baina naturaren ekologia bestela mintzo da, eta sineste zaharretako sorginak ere ez dira tronpatzen Alboblaien errestotik eurite handia datorrela ikusten dutelarik eta bereziki zingilibarbau itsusia, Blaise, erresumako diktadore berria, hau Tigoloa delarik eta ez Yuyunbea aitzinekoa bezala... Sorginaren zeremonia hori, bere kaskezur eta guzti, bizkarraren dardaratzeko doia ere bazen. Arrazoiekin, masakrea ondotik heldu zen eszenan baita gauzatzen, dantzaren bidez bistan dena, ez baita odolaren ziliporta ikustearen beharrik ulertzeko zer den larrutik ordaintzea. Anartean, Peter Alboblai etnologoa, Doctor Honoris Causa izendatzen ari dute, genozidioaren kausa edo laguntzaile izanagatik, lurretik desagertu Yuyunbe leinuaren azken berezilari izanen baita hemendik aitzina, beraz kulturaren “salbatzaile”, zientziaren objektibotasun osoz.

      Bada antzerki honetan euskal antzerkiak han eta hemen baliatzen duen efektuen parodia pollitik. Hala nola bataila hori dantza baten bidez eman izana pastoraletako gisa, publikoan gaindikako lasterketa horiek toberetan bezala edo pastoraletako heroi posible baten heriotzaren itxuratzea. Baina pollitena izan da, Yuyunbeen hizkuntza, bizkaitarra izatea.

      Normalean, azken urteetan xiberotarrak du betetzen euskaldunen arteko lengoaia desberdinaren papera hemen gaindi. Nazio bat giren puntutik, ez da arrazoirik desberdintasuna Iparrean bilatzeko. Ordu da guk ere gure hegoa birzentra dezagun, kidetza berriak sortuz aldi berean, desberdina berdinen artean bilatzen baita azken finean.

Partitu aitzin, goraintziak taldekoeri, beste urteko hitzordua eskatuz oraindanik.