Bi sosetan saldu tobera zilarra
Mattin Irigoien
Berria, 2004-04-23
“Globokop”

Egilea: Antton Luku. Taldea: Donibane Garaziko Lizeoko antzerki eskola. Estreinaldia: Apirilaren 8an eta 9an Izpurako Fauxtin Bentaberrin.

      Donibane Garaziko Lizeoko antzerki eskolak obra berri bat taularatu du hamargarren aldiko hamar urteetan. Eta ez nagoke pentsatu gabe hamar belaunaldi taulagainerako hezi direla, ehunez goiti gazte adinik hoberenean afizio horretara prestatu, zeinek euskara ikastetik haratago, gozatzeko parada izan baitute fantasia eta delirio flash asko dela medio. Horra gure alderdi militanteak eginarazten digun balantzea, herrigintza jator goxo eta puta horren soka lepoan baitaukagu alafede…

      Erran behar da, bestalde, sekulako esperientzia metatzen ari dugula, aritzale nahiz ikusle, eta hori urtez urte nabarmentzen da, aurtengoan Globokop deitu bi sosetako tobera eskaini digutelarik. Hogeita zortzi dira jokolariak agertu, eta gure begi-belarri eta atentzioen monopolioa bahitu digute oren bat eta erdiz. Gaia mundializazioak eta bere alterrak, hego-iparrak bereizten dituzten aberatsak eta migranteak, ekialde-mendebalak juntatzen dituen odol usainak, W presidentearen ideia agentzia liberalak eta Marcosen Lakandona oihaneko zuhaitzen hostoen dardar hotsek zuten osatzen. Doi bat konplikatua irudituko zaizu menturaz xinple agertzeko.Tonuan biziki ongi kausitzen dute, eskolako ikasgaien terminologiak baliatuz eta haratago eramanez malezia kokin batekin. Mintzamolde freskoa, lasterra, efektuak katean elkarren ondotik: ez da geldiunerik, jada beste ekintzan gara. Eta taller honen ekarpenik bada, hau da bat: bideo jokoetan hazi belaunaldien antzerki moldea asmatu dutela.Arratsero telebistako berrisailetako tele-reality antzeztuek goiti-botatzen dizkiguten gezurrezko egien eta egiazko gezurren herroka irudikatu digute; baina usaian deslotuak eta demantibulatuak bailiran aurkezten zaizkigunak, hauen joko eta testuaren dohainez sentsuaren hari magikoaz lotu dituzte buruan buru. Erran behar da azken urteetako aktualitate gordina zela hor erreferentzia, eta gisa horretan agertuak, surrealista ematen zuen; are errealistago orduan.

      Bi sosetako tobera eman da obraren azpititulu. Toberari erreferentzia egitea arras egokia iruditu zait, alabaina hori baita toberari eman diogun definizioa gure orain artinoko ibilbidean: jendartearen harat-honaten irudikatzea margeneko ikuspegitik, bazter-sotik, lupa efektuaz sentsu-akatsak lodituz begi bistako egiteko.Ez bide dute denek tobera horrela ikusten, eta azken urteetan, tamalez, aski adibide izan dugu Nafarroa Beherean gaindi. Baina hemen ere dudak izaten dira, jendeak mezu intermitente hori dekalatua, ordenagailuen hizkuntza bailitzan 1,0,1,0… segitzen duen, kakofonia hori, biziaren miraila izateko pretentzioa duena, entzungarria zaienez … Aldioro, batek hizkuntzarena jalgitzen dizu, ez bide du euskara giro horretan sinesgarri ikusten! Betikoak dira antzerki honek pizten dituen dudak, deserosoa baita ikusten duenarentzat, eta haragi xehatua bezala ez baita segidan urdailera joaten, ahoan mastekatu behar baita gozoa sentitzeko… Toberek konbentzioak inarrosten dituzte, eta horrengatik dira tobera. Gauzak fite joatea, ondorioz denak ez kaptatu ahal izatea, gaiari doazkion elementuak dira, eta hortako dira hor.Antton Lukuren artea sumatzen da lan erraldoi honen gibelean eta gazte hauen jusa taularatzeko duen abilezian. Hamarretik landa hamaika, eta handik harat dozenaka dizkiogu exijitzen aurtengoaren pareko bideo klipak.