Ni naiz Katalina!
Agus Perez
Berria, 2016-09-06
“Katalina de Erauso”

Egilea: Maite Berrogain Iturbide. Errejentak: Pantxika Urruti, Maitena Lapeyre. Kantu zuzendaria eta musikagilea: Sophie Larrandaburu. Hitzen egileak: Pierra Rousseau, Guillaume Irigoien. Jantziak: Anne-Marie Subias eta dendariak. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Irailak 3.

      Ekainaren 5ean Baionan estreinatu ostean, Donostiara etorri da Katalina de Erauso pastorala. Viktoria Eugenia antzokia beteta zegoen azken besaulkiraino, eta eszenatokia ere neurri berean bete da, kontuan izanda antzezleak laurogei zirela eta haiei gehitu behar dizkiegula orkestrako hogeita hamar bat musikariak, gehi amaiera aldeko txistulariak eta Sahatsa ezpata-dantza taldea.

      Parte-hartzaileen kopurua itzela izan bada ere, nik esango nuke neurrikoa izan dela Katalina Erausoren figuraren berri emateko, handitasun berezia antzematen baitzaio bere pertsonaiari, eta ez gizon bezala egin zituen balentria bortitzengatik baizik eta emakume bezala egin zituenengatik, emakumeentzat gordetako patuaren kontra gogor eginez eta askatasun posible bakarraren bila tinko ibilita.

      Izan zitezkeen gizonak haren figura berreskuratzen lehenak, eta alde horretan aipatzekoa da Jakes Ospital lapurtarrak Euskal Herriko hainbat emakumeri buruz idatzitako Figures de femmes dibulgazio-liburua, Erausoren bizitza ere jasotzen duelako. Ordea, pastoral honetan emakumeek ekin diote berreskuratze lanari, eta beraien esku egon dira testuaren sorkuntza, errejent lana, musika-ardurak eta jantzien arloa. Zalantzarik gabe, presentzia aktibo horrek argi berria proiektatu du pertsonaiaren gainean, eta aukera eman digu haren balio pertsonalak beste era batean interpretatzeko.

      Betiere hautu horren baitan, emakumeak izan dira antzezleen erdiak eta satanak ere haien esku egon dira lehen agerraldietan, azken rol horretan hain salbuespenekoak ez diren arren. Beste hautu estetiko batzuk ere aipagarriak izan daitezke, hala nola 10. jelkaldian izandako turkoen eta giristinoen aurreratze lineal perpendikularrak eta gurutze formako mugimendu birakaria, eta esangura berezia hartu du ezpata-dantzarien etorrerak, arma-emakume izan baitzen gure protagonista eta ohorezko pasea egin baitute ezpaten azpian hiru arotako Katalinak emanaldiaren amaieran.

      Hain zuzen ere, Katalina gazteak eta helduak —Miren Elkegarai eta Graxiana Castillon— eraman dute, ederki eraman ere, protagonistari bizia ematearen ardura, beren dotorezia pertsonalean eta kanturako gaitasunean bermatuta. Gainera, Katalina neskatxarekin batera —Laida Abadie Lafitte— osatu duten hirukoteak musika pasarterik ederrena eman du azken jelkaldian. Eta dotoreziaren kontua aipatuta, ezin dugu txalotu gabe utzi jantzien edertasun distiratsua, goi mailako diseinu baten eta lanordu askoren fruitua izan dena.

      Musikari dagokionez, argi dago emanaldiaren eroale nagusia izan dela, pastoral bati dagozkion atal finkatuez landa, Venezuela aldeko doinu karibetarrek eta Andetar kutsuko melodiek girotu baitituzte eszenak eta pasarteak. Ikusleek bereziki eskertu dute El condor pasa abesti ezagunaren bertsio euskaratua eta, aire zabalean bezala, batzuetan txalotu eta beste batzuetan uluka gaitzetsi dituzte pertsonaia batzuen adierazpenak, bereziki Migeltxo Erausorenak zurien nagusitasunaz eta arraza apalekoak zapaldu beharraz ari izan denean edota Urbano VIII.ak Katalinari bere birjintasunaz galdetu dionean. Txalo gogotsuak etorri dira Katalinak arrapostu dionean gizon bati ez zaiola inoiz galdetzen haren birjintasunaz, eta txalo zaparrada handiagoak emanaldia bukatutakoan.

      Har dezagun horren guztiaren laburpentzat Katalina haurtxoak zubereraz egindako “Ni niz Katalina!” oihu esanguratsua, edo bestela, Katalina neskatxak esandako “Ene aberria askatasuna da”, biak ala biak indar sinboliko handikoak izan direlako pastoral honen funtsa jasotzerakoan.