West Ibarretik Biarritzera
Antton Luku
Berria, 2004-10-28

 

      West Ibarre Side Story uztail honetan Bunuzen emana izan den ikuskizun baten titulua da. Ukan du horretako doia aipamen Ozkaxeko honako aldian izanik ere, pastoral formatuan egin izan baita eta Antso Handiaren lurretan sartzeko kopeta bezala ikusia izan, nonbait hau ez zelarik bere helburua. Baina egiteak berak azaleraz ziezazkiokeen pastoralari bere barne galderak. Bunuztar xoriak hango dantza taldearen urteburu kari pentsatua izan den ikuskizuna da, barne soka bat baino gehiago du, hau dugularik bat: dantzaz kontatzen du oztibartarrek 25 urtez dantzarekin ukan duten abentura. Kronologia hau ematen digute ikusgai, haur taldetik gero Zuberoko dantzen aldi, kabalkada eta sorkuntza esaterako. Side story-ri lotu erreferentzia musika/dantza komedian atzeman badaiteke Oztibarre hitzetik West ibarre hitz jokora joateak azalpentxo bat merezi du.

      Bideoa, dantza, kantua, bertsolaritza eta antzezlana biltzen dituen lan honek espazio eztabaidetan finkatzen du solasa haste-hastetik. Departamenduaren polemikan itsasoko aldean, mendebaldean, Far West batean ikusten gaituzte euskaldunak eta oztibartarrak barne. Oztibarren Zuberoarekin batean ekialdean dakusatelarik beren burua. Ikusteko molde ezberdin hauek nondik heldu dira? Hiru pertsonaia nagusi aurkezten dizkigu obrak bakoitza bere iparrarekin: Errienta Parisi so eta apeza Erromara, baita beste bat taula zuzendaritzak oholtza zokoan uzten duena, argira agertzeko uzkur, bere arteaz segur bezain bere buruaz ahalke: herri bertsolaria, Pierra Kotera Mattinen eskuizkribuan. Bideo etnografiko batek aurkezten digu hastapenean lausoan egonen den pertsonai hau. Herri bertsolari hauen famak auzo kantonamenduetako mugak ez zituen gainditzen, gu galtza motxetan irakurtzen ezin ikasiz ibiltzen ginelarik eskolako korraleetan eraman ditu delirium tremens-ak beren sekretuekin. Ez zaizkigu haien kaierak baizik gelditzen kasu hoberenetan. Holako bat du aipatzen testuak, selauruetan, amatxiren ganbarako tirante batean ahantzirik, eskolako kaier haietarik bat non kopiatuak ziren bertsu herrikoiak, testuinguruan garrantzitsuak ziren gertakizunen lekuko. Arroze Haixpururen bertsu autentikoek ematen diete hasiera obrari gero apokrifoak dira Mattin Irigoienen jariotik tradizio eta estetika beretik.Zertan zaigu interesgarri omenaldirik gabe joatera utzi ditugun bardo baztertu hauen pentsa moldea? 1950 urte hauetan eskolako bestak, emazte aldizkarietako argazki erromantzeak eta seguritate sozialak iparraz aldarazi gaituztenean denborari genuen lotura ere aldatu zaigu. Antzerkia hitza kantu eta dantzaren artean denbora zuzen banatuz erloju baten neukadan hasia bazen, metafora jenial batek mekanika hausten du: ikusiko dugu emazte bat zapata argitzen bere seme donadoa ehorzketetara joan dadin. Igandetako oskiak, mendeetan igandez igande sozialtasunaren ehule izanak jendeen lurperatzeko dira orain ateratzen, mundu hori zuzen-zuzena amildegira eramanez. Oztibartarrak ikusiko ditugu ondotik kontsumo ekoizpenaren lasterketan sartzen beregandik urruntzen den jomuga baten peskizan. Koterak denbora ziklikoa ikusten zuelarik, tink egoten zelarik bere segurtasunetan, modernitate hau guzia furfuria dela, oroitarazten du itsasoa berriz jinen dela Oztibarrera.Toberaren tonuan dantza eta kantuak parte hartzen dute berdin oztibartarrek ematen diguten auto trufa lezio honetan, erregistro ironikoan idatziak baitira agerraldi hoberenak. Itsasoa itzuliko zaienez Oztibarrera ezin da erran. Mintzo adituenek Iparraldeko antzerki amateurraren azkena iragartzen digutelarik parada balia dezagun hauen ikustera joateko berak azkenaren emateko itsasora joaten direlarik Bunuzetik Biarritzera.