Zazpi bekatu eta harri bat
Agus Perez
Berria, 2005-01-25
“Euskararen zazpi bekatu nagusiak”

Egilea: Aitzpea Goenaga. Zuzendaritza: Olatz Beobide, Edi Naudo. Eszenografia eta argiztapena: Edi Naudo. Jantziak: Eli Elizondo. Musika: Pascal Gaigne. Antzezleak: Lierni Fresnedo, Mikel Laskurain, Niko Lizeaga. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: urtarrilak 23.

      Donostiako Antzoki Zaharreko atarian gaude; arratsaldeko ia zortziak dira eta amaigabea da kalean sortu den ilara. Ilara berezia, dena den, badirudielako telebistako, antzerkiko eta euskal kulturako aurpegi ezagun ia guztiak elkartu direla bertan. Korrika Kulturalak emandako beka jaso zuen antzezlanaren estreinaldia da, eta emanaldia hastera doa.

      Hasteko eta behin, esan beharra dago Aitzpea Goenagak bete-betean asmatu duela Euskararen zazpi bekatu nagusiak idazten. Pentsatzekoa denez, euskarari buruz aritzea nahitaezkoa zen Korrikarako bereziki sortutako lan batean, baina testuaren oinarrizko planteamenduak erakargarri bihurtzen du hainbestetan trataturiko gaia. Gainera, zazpi bekatu nagusiak aukeratu izanak emanaldia beste hainbeste zatitan banatzeko aukera ematen du, horrela pasagarriago eginez beste era batean astuna izan zitekeena.Beste kontu bat da gero esketx bakoitza nola egokitu euskararen egoerari, zeren eta ni, ikusle arruntaren moduan, ez ninduen kezkatzen une jakin batean lukurreriaz edo sabelkeriaz aritzeak. Ni behintzat Šeta gainontzeko guztiak, bide batez esandaŠ guztiz entretenituta geundelako esketx bakoitzaren garapen bizkorrarekin, pertsonaien arteko egoera dibertigarriekin eta solasaldien zorroztasunarekin.Eszenaratzeak ere aipamen berezia merezi du. Izan ere, askotan eremu eszenikoari botatako lehen begiradak esaten digu zein lan motaren aurrean egongo garen, eta kasu honetan argitasuna, araztasuna eta praktikotasuna dira haren ezaugarri nagusiak. Bi panel zeharrargi eta haien arteko ate biluzi eta zuria besterik ez dago eszena gainean, baina panelen mugikortasunak asko errazten du eremuaren dimentsioak aldatzea, emanaldian nolabaiteko barietatea sortzeko. Gainera, bereziki ona iruditu zaizkit argien erabilera eta eszenak itzal proiektatuen bidez girotzeko ideia. Umeen proiekzioena ere ideia polita zen, baina zoritxarrez soinuaren kalitate eskasak asko zaildu zuen haien iritziak ulertzea. Eta, jakina, erdiko harriaren erabilera oso dibertigarria izan da.Edu Naudorekin batera Olatz Beobide aritu da zuzendaritza lanetan eta, alde horretatik, ozen esan ahal dugu hiru aktore bikain ikusi ditugula taula gainean. Lierni Fresnedo da, beharbada, hiruren artean nagusitzen dena, bere sinpatia eta balioaniztasunari esker, segur aski; Mikel Laskurainek bera bezalako animalia eszeniko baten ahalmen guztia erakutsi du eta Niko Lizeagak, aldiz, maisuki baliatu ditu euste eszenikoaren bertuteak beste bien kontrapuntu ezinbestekoa eraikitzeko. Gainera, azpimarratzekoa da hiruren gaitasuna pertsonaien barne karakterizazioan, lanaren erritmoa dela-eta une batetik bestera gauzatu behar dena.