Irakurketarako gonbidapena
Agus Perez
Berria, 2005-03-09
“Tramankuluak”

Konpainia: Tanttaka. Jatorrizko ideia eta testua: Jose Antonio Portillo. Itzulpena: Harkaitz Cano. Dramaturgia eta zuzendaritza: Carles Alberola, Fernando Bernues. Eszenografia eta atrezzoa: Jose Antonio Portillo. Antzezlea: Aitzpea Goenaga. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: Martxoak 5.

      Irakurketarako gonbidapena, irudimenerako gonbidapena, mundu magiko batean sartzeko gonbidapena. Hori guztia da Tramankuluak antzezlanak eskaintzen diguna. Antzezlanerako beren-beregi sortutako karpa txikiko oihala zeharkatzen dugun momentutik sentitzen dugu mundu berezi batean sartu garela eta han ez dagoela atzera bueltarik. Gauza atseginek eta sentsazio gozoek inguratzen gaituzte, eta ikusle guztiok sentitzen dugu aukeratuak izan garela ekitaldi berezi batean parte hartzeko.

      Izan ere, antzezlea agertu baino arinago, hau da, hitzen samurtasunean eta istorioen emozioetan murgildu baino lehen, martxan jartzen dira usaimena eta ikusmena: usaimena, egur pilaketaren lurrin sarkorrak apaintzen duelako airea; ikusmena, egur eta oihalen koloreen berotasunarengatik eta bereziki benetako artelanak direlako han erakutsita dauden objektuak tramankuluak hain zuzen, bai kontzepzioa eta egikera aldetik bai aukeratu duten erakuste sistemarengatik.

      Zornotza aretoko arduradunek oso argi jarri dute zazpi urtetik gorako jendearentzat dela ikuskizuna, baina gurasoek, burugogor edo letragabe, zazpi urtetik beherako ikusleak ekarri dituzte, salbuespenik gabe, den-denak ados jarrita edo. Horrek oso kutsu berezia eman dio gaurko emanaldiari eta ataka zailean jarri du Aitzpea Goenaga, ingurune zarratuak, hurbiltasunak eta antzezpenaren intentsitateak larregizko efektua sor dezaketelako oraindino hain neurona eta bihotz bigunak dituztenengan. Baina Goenagak ederto gainditu du proba, ume guztiak lehen momentutik poltsikoratuz, ikusle txiki baten negarra oso era sosegatuan kontrolatuz eta aldibereko erregistro bi mantenduz uneoro: bata txiki-txikien arreta ez galtzeko eta bestea nagusiona bereganatzeko. Benetan esan ahal dugu ez dela erronka makala izan.

      Lanaren egitura eta mamiari dagokionez, zer esan ahal dugu, lagunok? Ederrak direla irakasle valentziar haren inspirazioa eta dedikazioa, ederrak direla kontakizunak, ederra dela testuek geure burua beste plano batean jartzeko duten gaitasuna, eta ezin hobeto eraikiak direla erritmo guztiz pausatua, istorioen intentsitate geldoa, isiluneen sakontasuna eta, batez ere, buruak beste barik egin ahal dituen bidaia miresgarriak.