Denbora galdua
Agus Perez
Berria, 2006-10-10
“Erreleboa”

Konpainia: Txalo. Egilea: Ernesto Caballero. Zuzendaritza: Begoņa Bilbao. Antzezleak: Iker Galarza, Joseba Usabiaga. Lekua: Donostiako Lugaritz kultur etxea. Eguna: Urriak 6.

      Esan dezagun beste ezer baino lehen: soldaduskako istorioak ez zaizkit inoiz interesatu. Betidanik pentsatu dut zerbitzu militarra egitea gure bizitza laburreko denbora guztiz garrantzitsua galtzea zela, eta nik uste dut gehienbat horregatik hasi nintzela Bilboko beste lagunekin antolatzen, Francoren garaian bertan eta ideia bakezaleak tarteko, neure burua morrontza mota hartatik libre ikusteko.

      Beraz, soldaduskari buruzko pasadizo xelebreak ez zaizkit inoiz gustatu eta are gutxiago kuarteletik irtendakoek erakusten zuten ageriko matxismoa eta indartsuagoei obeditzeko grina. Zer esanik ez errekluta berriak umiliatzeko ohitura koldarra eta saltsa-maltsa horrek guztiak sortzen omen zuen laguntasun ikaragarria. Ikaragarria benetan, ikaratzeko modukoa.

      Beharbada horregatik zerbait gehiago espero nuen Ernesto Caballeroren testutik, baina ez. Erreleboa lehen esandakoaren deskribapen hutsa da eta nik ez dut bertan aurkitu ez matxismoaren edo menpekotasun sistemaren kritikarik, ez kontraste elementurik, ez bestelako baliabiderik, derrigorrezko soldaduskaren garaiko giroaren deskribapen hutsa baizik. Nik, benetan, gehiago espero nuen testutik, uste dudalako errealitatearen argazkia ez dela nahikoa izaten errealitatea bera eta bertan ezkutatzen diren mekanismoak azaltzeko. Baina segur aski kritikaren asmoa neure baitan zegoen bakarrik, eta ez egilearen neutraltasun aseptikoan.

      Gauzak horrela, esan beharra dago Iker Galarzaren bertsioak elementu erakargarri bat gehitu diola jatorrizko obrari, testua itzultzean eta egokitzean euskaldun bihurtu dituelako argumentuko bi protagonistak. Bien arteko beteranoena amezketarra da eta errekluta berria, Ordiziakoa. Alde horretatik aipatzekoa da oso euskara jatorrean hitz egiten dutela biek eta horrek, noski, nolabaiteko konplizitatea sortzen duela bien artean, batez ere nagusiengandik jasotako erdarazko aginduen aurrean.

      Eszenatoki erdi naturalista erdi eskematiko batean -agertokian ilargia, garita eta adreiluzko murru bat baino ez dago- bikain aritzen dira Iker Galarza bera eta Joseba Usabiaga, Begoņa Bilbaoren zuzendaritzapean. Bien arteko egoerak eta solasaldiak guztiz naturalak dira, eta bakoitza bere aktore-lana eginda dator, bere pertsonaiari sinesgarritasuna eta ņabardurak emateko. Bestetik, ondo neurtu da emanaldiaren erritmoa, pasarte barregarriak, tentsio uneak eta zati lasaiagoak tartekatuz, berez interes gutxikoa zena interesgarri bihurtu arte, taula gainean eta atzean egon direnen lanari esker.