Hirurak bat
Agus Perez
Berria, 2009-04-28
“Ni naiz Hector, ni bakarrik!”

Ekoizpena: Kanpingags. Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi. Antzezleak: Teresa Calo, Nagore Aranburu, Aitor Beltran, Asier Zinkunegi, Iņaki Urrutia. Lekua: Lugaritz aretoa (Donostia). Eguna: Apirilak 26.

      Hirurak bat antzinako euskal erregionalisten leloa zen, baina ondo letorkioke Jokin Oregik idatzi eta zuzendu duen komediari, taula gainean Hector protagonista eta bere baitako beste bi errepikapen agertzen baitira, elkarrekin batera beti eta elkarren kontrako borrokan beti. Egoera korapilatsu horretatik abiatuta, psikiatra baten kontsultako gorabeherak eta amodio kontuak nahastuko dira benetako Hectorren buruan, eta esandako elementuen inguruan ehunduko dira komedia entretenigarri honen hariak.

      Jatorrizko testuak, baina, bere gabeziak ditu, eta haietariko nagusia da argumentuaren mamia huts absolutuaren gainean eraiki dela, gure mundu edo denborako inolako errealitaterik islatu, aztertu edo satirizatu gabe. Zeren eta Hectorren baitako hiru pertsonaien arteko liskarrak dibertigarriak izan daitezke momentu baterako, baina ikusle adimendunak laster konturatzen dira egileak aukera asko galdu dituela gure gizartearen eta, batez ere, giza arimaren kontraesanetan murgiltzeko eta haietatik etekina ateratzeko.

      Baina zuztarreko neutraltasun idor hori albo batera utzita, Oregik ondo maneiatzen ditu endredozko komediaren elementuak, nahiz eta Hectorren bi errepikapenen arteko desoreka itzela iruditzen zaidan. Izan ere, argi dago haietariko baten nortasuna sexuarekin lotuta dagoela eta Hector bera baino askoz protagonismo handiagoa daukala. Bestearena, ordea, ezin izan dugu argitu emanaldi osoan zehar, hizketaldi bat kenduta hitz solteak besterik ez zaizkiolako egokitu. Hiruren mugak eta presentziak zehazteko, gainera, argiztapen eta eszenografia askoz landuagoak beharko zituzkeen eszenaratzeak.

      Bestalde, zuzendariak ez ditu batere errespetatu pertsonaien eta egoeren garapenerako behar ziren denborak, eta pertsonaia guztiak zapal-zapalak suertatu dira, Nagore Aranbururengan ikusi baititugu benetako rol bati legozkiokeen ņabardura bakarrak.

      Hala ere, gogotsu ekin diote guztiek testuari -betiere telebistako eskema errazetatik irten gabe-, eta horri esker barre batzuk egin ditugu hiru Hectorren arteko une gatazkatsuekin eta komedia arin honen tonu atseginarekin.