Komediak eta dramak
Agus Perez
Berria, 2009-07-02
Donostiako Antzerki Feria

Konpainiak:Bikoteatroa, Dantzaz, Sutil Companhia de Teatro, Produccions del Mar. b>Data:Ekainak 30./p>

      Euskarazko lan batekin hasi da aurten Donostiako Feria, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak Euskarazetamol izeneko komedia aurkeztu dutelako Lugaritzen. Bikoteatrok sortutako trilogiaren azken atal honi despedida emateko esan beharra dago euskaldunok eta antzerkizaleok zorretan gaudela bikotearekin, euskara jostagarri bihurtzeagatik eta euskarazko komediari beren estilo pertsonala emateagatik, nahiz eta azken entrega hau zertxobait luzea den eta une batzuetan gaiak ahituta egotearen sentsazioa ematen duen.

      Bigarren emanaldia Dantzaz konpainiarena izan da. 1.01 orain lau aste estreinatu zen Viktoria Eugenian, baina errepikatu nahi izan dut, neure plazerarengatik eta Gazteszenan sortutako efektua ikustearren. Ikusleen harrera estreinaldian bezain beroa izan da, Hilde Kochen Torque orduan baino hunkigarriagoa egin zait -agertokia txikiagoa izan arren- eta dantza ikusten nuen bitartean argi baino argiago geratu zait harritzeko modukoa izan dela dantzari gazteok eta beren hezitzaileek burutu duten lana.

      Arratsaldeko hirugarren lana Brasilgo Sutil konpainiaren Avenida Dropsie izan da. Muntaiaren oinarria Will Eisnerren obra grafikoa da, eta argumentuak hiri handi bateko kale batean gertatzen diren istorio txiki asko jasotzen ditu. Horretarako, etxe bloke bateko aurrealde osoa paratu dute agertokian, eta zinema itxura areagotzeko, testuak eta koadroen izenburuak proiektatzen dira aktoreen eta ikusleen artean dagoen pantaila zeharrargi batean. Emaitza estetikoa oso polita izan da, egoera askoren poesia kaletarra, mimikaren kalitatea eta argien diseinua kontuan hartuta, baina denbora luzeegia egin zaigu, emanaldiak argazki-bilduma itxura hartu duelako eta, batez ere, balizko erritmo zinematografikoak bere mugak erakusten dituelako antzerkira eramaten den bakoitzean.

      Dudarik gabe, Balear irletako Produccions del Mar konpainiarena izan da jardunaldiko antzezlanik interesgarriena. Camarada K izeneko muntaian Daniel Kharms errusiar idazle dadaistaren figura berreskuratzen da, estalinismoaren pean bizi izandako ostrazismoa berreraikiz eta egilearen testu debekatuak plazaratuz. Kharmsen pertsonaia txotxongilo handi batekin irudikatzen da sinbolikoki, eta eremu eszenikoa haren narrazioak bezain surrealista eta kafkiarra da. Hiru antzezleek, berriz, gaitasun handia erakutsi dute bai dramarako bai pantomimarako, eta Joan Carles Bellviureren zuzendaritzak eta dramaturgiak egi bihurtu dituzte egile ahaztuaren irudi ezinezkoak.