Zazpi zaldi zuri
Agus Perez
Berria, 2009-10-11
“Babiloniako loreak”

Konpainia:Antzerkiola Imaginarioa. b>Testuak:Jon Gerediaga. b>Zuzendaria: nder Lipus. b>Antzezleak:Miren Gaztaņaga, Ander Lipus, Espe Lopez, Alex Gerediaga, Miriam K. Martxante. b>Lekua: ornotza aretoa. b>Eguna: rriak 9./p>

      Zazpi zaldi zuri eta beltz bat ikusten ditu ohetik Ines zaharrak bere azken egunetan. Alboan dauka Nikosia, Gaztelako bere neskame fidela, eta inguruetan Hegoa, abeslaria izan nahi duen iloba. Antzerkiola Imaginarioaren azken sorkuntza honetan Ander Lipusen bizitzako pasarte bat jasotzen da, poetikoki eraldatuta: ohean dagoena Lipus bera da, bere amamaren rolean, eta Nikosiarekin dituen eguneroko berbaldiek kontraste egiten dute Hegoa gazteak mikrofonoarekin esaten dituen testu eder eta malenkoniatsuekin.

      Beraz, obraren planteamenduaren erdian antzinako amamaren eta iloba futuristaren arteko kontrastea dago, baina muntaiak beste joko dialektiko asko dauzka eta denen artean eremu aberatsa bihurtzen dute hilzorian dagoen amamaren ohea. Adibide moduan, nik hiru kontraesan aberasgarri nabarmenduko nituzke: orainalditik iraganeko akatsak konpontzeko ezintasuna, abadearen fede falta eta neskame agnostikoaren sendotasun etikoa, eta sustraiak lurrean edukiz hegan egitearen nahia.

      Esandako guztia irudikatzeko gaubeila itxura duen eremu eszeniko eskematikoa atondu dute, ohea zortzi zutaberen erdian dagoela. Argien diseinuak ere asko laguntzen du giroaren eraketan, eta une jakin batzuetan elementu sinboliko batzuk erabiliko dituzte, bereziki kanposantuko gurutzeak eta herioaren pertsonifikazio ederra den zamaltzain beltza. Hegoaren mikrofonoaren soinua, ordea, ez da egokia izan, eta horrek asko zaildu du berak esandakoa osotasunean ulertzea.

      Muntaiaren planteamendu konplexuari jarraiki, aktore bakoitzak antzezpen-plano bat bete du, eta haien artean mailakatze moduko bat sortu da: Alex Gerediaga -abadea, politikaria eta medikua- eta Miriam K. Martxante -enterradorea- groteskotasunaren planoan ibili dira, eta kontrako muturrean, Miren Gaztaņagari oroitzapen eta gogoeten eremu erdi oniriko erdi irreala egokitu zaio. Azkenik, mutur bien artean bizitzaren errealitatea geratu da, Ander Lipusek eta Espe Lopezek osatutako bikote eszeniko bikainaren esku.

      Konpainiaren aurreko sorkuntzekin konparatuta, argi dago taldearen molde estetiko berezi eta planteamendu zorrotzak mantendu direla oraingo honetan ere, baina nik esango nuke lan hau askoz samurragoa izan daitekeela edozein ikuslerentzat, sakoneko gaiaren hurbiltasunarengatik besterik ez bada ere.