Geure erakusleihoa
Agus Perez
Berria, 2010-06-26

 

      Amaitu egin da aurtengo dFeria. Atzean geratu dira emanaldiz beteriko hiru egunak, eta beraiekin batera ahaztu egin ditugu hasierako aurreikuspen ezkorrak. Izan ere, krisiaren eraginez, denbora batez uste izan genuen iazko dFeria azkena izango zela, baina, alde guztien inplikazioa tarteko, saihestu egin da Euskal Herriko arte eszenikoen ekimen pisutsuena betiko desagertzeko arriskua, denok dakigunez oso zaila baita ahanzturan utzitako gauzak ostera ere berpiztea.

      Aurten Euskal Herriko konpainiak eta lanak bakarrik aurkeztea adabaki moduan ikusi zuen baten batek, baina azkenean horrek ere mesede egin digu, eta dFeriako giza ekipo dinamiko eta gogotsuaren eskutik aurtengo edizioa gurean sortutakoaren erakusleiho bihurtu da. Hemengo sortzaile, banatzaile eta programatzaileen artean aurreko urteetako aurpegi berberak ikusi ditut, eta horrek esan nahi du dFeriak hitzordu garrantzitsua izaten jarraitzen duela, hainbat sektoretako bilera eta batzarretarako. Kanpotik etorritako lagunei, berriz, balio erantsia eman behar zaie, beren presentziak argi utzi duelako gurean egiten denak interesa pizten duela Euskal Herritik kanpoko profesional askorengan.

      Zaila da egun hauetako zurrunbilotik bertatik gure arte eszenikoen deskribapen orokorra egitea, distantzia minimo bat behar baita zeregin horretarako, baina urgentziazko analisi bat eginez gero, nik esango nuke sendotasuna eta aniztasuna erakutsi direla programatutako lanen artean. Izan ere, konpainia bakoitzak bere ildoari eutsi dio aurkeztutako produktuan eta, produktuok gustukoak izan ala ez izan, denek eduki dute etxean nahiz kanpoan aurkezteko behar den gutxieneko kalitatea.

      Hala ere, emanaldien ildo artistikoari begira, desberdintasun handiak izan dira batzuen eta besteen artean, eta hori baliagarria izan da bakoitza bere lekuan kokatzeko. Ballet Biarritzen Magifique-n, adibidez, bere betiko karta ezagunak jokatu ditu Malandain koreografoak, dantzarien maila bikaina eta irudien dotorezia publiko zabala liluratzeko baliatuz nahiz eta, aldi berean, gutako batzuengan asperdura eragin duen. 19:30 izeneko muntaia handian, berriz, komertzialtasuna eta diskurtso erraza elkartu dira, baina horrek ez dio eragozpenik ekarriko arrakastaren bidean. Azoka batean, ordea, denetarik egoten da, eta kontrako platerean Tanttakaren La mujer justa-ren gaztelaniazko estreinaldiak -Bartzelonan katalanez eman dute, noski- goiari eutsi zion lehen esalditik bertatik, Sandor Marairen testuaren kalitateari, antzezpenen mailari eta eszenografia bikainari esker.

      Hika taldearen Aitarekin bidaian -Donostia antzerki saria, bide batez esanda- eta Txaloren Arrastoa izeneko lanen gaztelaniazko bertsioak ez ditut ikusi, baina euskarazkoak ezagututa, seguru nago gure ekoizpenen kalitatearen ikur izan direla. Katu Beltz konpainiaren Sisifo B eta Fingersix-en La sonrisa ganadora, aldiz, zertxobait urrun geratu dira neure esperoetatik muntaia interesgarriak eta zintzoak diren arren, baina Ertza konpainiaren Urrunetik ametsetan oso proposamen sendo eta interesgarri bihurtu da Asier Zabaletaren gidaritzapean.

      Lerro hauetan ezin da egunotan ikusitako den-dena jasotzea, baina aurten ere aurkitu ditugu harribitxi txiki batzuk. Esate baterako, Kapzuloa sorpresaz beteriko kutxa bat da, literalki eta metaforikoki, eta Kolectivo Mostrenko-ren Tenemos que hablar izeneko muntaiak surrealismo basatiaren eremura eraman gintuen. Azkenik, Rosas rojas antzezlanak aipamen berezia merezi du, genero-indarkeriaren gaia ausardiaz eta trebeziaz plazaratzeagatik.