Kandela bat eskuan
Agus Perez
Berria, 2011-02-22
“Hostoak”

Proiektuaren zuzendaritza: Mireia Gabilondo, Igor Otxoa. Eszena zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Koreografia: Jon Maia. Taldeak: Oreka TX, Amaren Alabak, Kukai. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Otsailak 19.

      Kandela bat eskuan eta ia oharkabean agertu da lehen kantaria, Donostiako Kursaal auditorioko albo batetik. Iluntasun beretik eta eskuetan kandela bana zeramatela sartu dira jarraian Amaren Alabak taldeko beste bost neskak, “Ez zaitez urrun nigandik, ez zaitez joan oraindik...” dioen kanta ederra beren ahots kristalinoekin abesten. Agertokira heldu direnean, ordea, Oreka TX-k hartu du lekukoa, melodiaren bideari harrizko txalapartarekin jarraituz, eta zirkulua itxi da Kukai taldeko dantzariek beren kandelekin eta biribilketa lasaian eszenaratu direnean.

      Euskal Herriko arte eszenikoen panoramako hiru formazio bikain elkartu dira Hostoak izeneko proiektuan, baina enbor bereko atalak direla erakutsi eta zuhaitz osoa sortu dute, musika, kanta zaharrak eta dantza ezin hobeto elkartuta. Hiruren gaitasunari esker eta Mireia Gabilondoren zuzendaritza eszenikopean sortu den gertakizun sozial honi bizitza emateko bi osagai hauek behar izan dira: talde bakoitzak bere arloan duen bikaintasuna eta hiruren arteko fusio aberasgarria.

      Ezinbestean, musika instrumentalak hartu du emanaldiaren nolabaiteko gidaritza, Oreka TX-k eszenako sei gune hornitu dituelako, haietariko lau finkoak zirela —lautea, perkusio etnikoak, haize instrumentuak eta hodifono handia— eta beste bietan harrizko eta egurrezko txalapartak zeudela. Txalapartak, aldiz, mugigarriak izan dira eta dantzarien edota Zuberoako kantarien artean kokatu dira noizean behin, elementu guztien elkarlan zoragarria azpimarratuz. Zeren eta, gidaritza hartu bai, baina protagonismoa garbiro banatu da hiru taldeen artean eta, emanaldia aurrera joan ahala, Amaren alabek dantza egin dute Kukaikoekin, baina eurek ere musika jo dute gomazko tutu luzeekin, eta tutuok makila bihurtu dira, jarraian sortu den dantzarako.

      Gainontzeko elementu eszeniko guztiak —argien diseinua, Eņaut Muņoak zuzenean sortutako irudi proiektatuak, jantzien kolore beltz eta gorri soilak...— osotasunaren parte izan dira, eta aretoa leporaino betetzen zuten ikusleek ere zutik eta txaloka eskatu dute beste bat, Euskal Herriko hiriburu guztietan egongo den emankizunari bizitza oparoa eskaintzeko.