Mina ala ezereza
Agus Perez
Berria, 2011-03-26
“Gloriaren kantua”

Konpainia: Khea Ziater. Zuzendaria: Alex Gerediaga. Antzezleak: Leire Ucha, Na Gomes. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Martxoak 24.

      William Faulkerrena omen den aipu bati erreferentzia eginez, minaren eta ezerezaren artean aukeratu behar dute Gloriaren kantua antzezlaneko protagonistek, garai batean bezain distiratsua ez den maitemintzeari eutsiz ala bestea galdu osteko bizitzari aurre eginez.

      Khea Ziater kolektiboak Korrika Kulturalaren harira aurkeztu duen euskarazko estreinaldi honek hasierako eszenatik harrapatzen gaitu antzerki konbentzionalean ohikoak ez diren bide askotatik. Lehendabiziko eszenatik, atentzioa eman digute soinu-paisaiaren aberastasunak eta eremu eszenikoaren diseinu soilduak. Taula gainean hiru kolore nagusitu dira, eta haien artean beltzak hartu du protagonismoa, tarteka zuriak lagunduta, harmonium gaineko lanpara txikia izan baita gorri koloreko gauza ia bakarra. Izan ere, sinbolismo handikoa izan da lanpara hura, musika zelako bikotea hobekien elkartzen zuena eta iruditu zaigulako argi gorri hark gordetzen zuela bikotearen azken berotasuna.

      Kolektiboaren diziplinartekotasunari jarraiki, nortasun handikoak izan dira alderdi eszeniko guztiak, eta haien artean aipamen berezia merezi du Oier Ituarteren argiztapen poetikoak, hari esker kalitate piktorikoa lortu baitu eszenatokiak hainbat momentutan. Gainera, eta antzezlaneko dramaturgia finari esker, etengabeko elkarreragina sortu dute dantza pasarte laburrek, rock garaikide malenkoniatsuko abestiek, telebistako pantailan ikusi diren zuri-beltzeko film zati esanguratsuek eta mikrofono aurrean esandako gogoetek.

      Oinarrizko gatazkaren garapenak, bestalde, ez du ohiko argumentuen jarraipena eduki eta pertsonaia bakoitzaren sentimenduak apurka-apurka ezagutu ditugu, olerki-liburu bateko orriak banan-banan irakurri izan bagenitu bezala. Nik, ordea, barne sendotasun handiagoa eskertuko nukeen protagonista biengan, baina hala ere dotorezia handiz gorpuztu dituzte filmetako rol klasikoak, batak musikari estoikoarena eginez eta besteak emakume gogogabe eta nartzisista irudikatuz.