Definizio bila
Agus Perez
Berria, 2011-11-08

 

      Amaitu berri den aurtengo BAD jaialdiak hainbat sentsazio kontrajarri utzi digu, eta, balorapenen ordua heldu denez, espero dut oraingo hau baliagarria izatea Bilboko Antzerki eta Dantza festibalaren ildoa birdefinitzen laguntzeko. Izan ere, orain arte igarotako urte gehienak inertzia hutsaren bidetik joan dira, baina badirudi oraingo arduradun berria —iazko edizioan hasi zen jardunean— prest dagoela jaialdiaren nortasuna gehiago zehazteko.

      Aurten erabili diren areto zerrendari begi-kolpe bat emanda, argi dago hiriko gune posible asko erabili direla ekitaldietarako, eta haietariko gehienak itsasadarraren ertzean daudela. Beharbada, hori berori izan liteke jaialdiaren ildo nagusietariko bat, kontuan izanda, gainera, gehienen izaera alternatiboa, baina eskema horretatik kanpo geratuko lirateke aurten baliatu diren Campos Antzokia, Alondegia eta BBK aretoa. Ordutegiei dagokienez, berriz, ostera ere jasan dugu emanaldien gainjartze ulertezina, eta ia egunero kalkulu konplexuak egin ditugu lan guztiak ikusi ahal izateko baina, hala ere, egun batzuetan ubikuotasunaren dohaina beharko genukeen leku bitan eta ordu berean egoteko. Ea datozen edizioetarako arazo zentzugabe hau behingoagatik konpontzen den!

      Antolamendu edo egitura arazo hauek albo batera utzita, argi dago era askotako performanceak, dantza emanaldiak eta antzezlanak programatu direla, eta nire ustea da aurten bi bloke kontrajarritan lerrokatu direla, oso era esanguratsuan gainera. Alde batetik, hutsalkeria militantea hautatu duten emanaldi batzuk egon dira —Canción Laverinto, Privolva, Orbe, DreaMe, Autoestigma…—, eta gainera, haietariko batzuek ez dute lortu jendaurrean aurkezteko behar zen gutxieneko maila, ariketa tekniko hutsak izateagatik edota diletantismo merkean jausteagatik.

      Kontrako muturrean geratuko lirateke beraien iragana, beraien sustraiak eta inguruan dituzten auzi sozial eta politikoak beren lanetarako oinarritzat hartu dituzten artistak. Multzo horretan daude Laida Azkonaren Mu-to —nazioarte mailako artistaren sustrai euskaldunetan sakontzen duen performance bikaina—, Horman Poster bikotearen Pasado perfecto —70ko hamarkadako gertaera nagusien errepasoa, bihotzetik eta baliabide apal-apalekin egina—, Marco Canale argentinarraren La puta y el giganteEl País egunkariak Kolonbia eta Guatemalako boteretsuen krimenak zuritzeko darabilen estiloa salatuz—, Rosa Casado eta Mike Brookes-en Tan solo un trozo de historia… —Euskalduna ontziolako epikotasuna bertako langile ohi batzuen testigantza fisikoen bidez berreraikiz—, eta Arkadi Zaides-en Quiet, israeldarrak eta palestinarrak dantzaren bidez elkartu eta beren sakoneko arazoez hausnartzen duena. Azkenik, tarteko eremu batean jarriko nituzke beste lan batzuk, gure baitako gune sakonetara zuzentzen direlako, zintzotasuna eta inplikazio pertsonal ikaragarria baliatuta, eta haien artean daude Burkina Fasoko Tango cheval zoragarria, L'Alakran eta Legaleon-T konpainien muntaia sailkaezinak eta, zelan ez, orriotan hainbatetan komentaturiko Errautsak antzezlana.

      Hain zuzen ere, Errautsak izan da euskarazko ikuskizun bakarra jaialdi osoan zehar, eta horrek berebiziko komentarioa merezi du. Marka da gero Euskal Herri osotik ibili den eta Donostia Antzerki Saria eskuratu duen antzezlana orain arte Bilbon egon ez izana, eta BADen meritua da hona ekarri izana, hiru egunez gainera, baina salatu beharra dago BBK aretoan programatuta zegoela eta azken momentuan hango arduradunek uko egin ziotela bertan egoteari, eta P6 izenekoan aterpetu behar izan zela non eta Viktoria Eugenia antzokian egondako antzezlana. Horrekin lotuta, noski, argi dago euskararena dela BADek gainditu behar duen arloetariko bat —bai ikuskizunetan bai emanaldien hitzezko aurkezpenetan—, eta ez bakarrik euskararen aldeko militantziagatik, baizik eta artista gonbidatu askoren hizkuntza naturala delako, eta ikusleen artean ere presentzia nabaria daukalako aretoetatik kanpoko itxaronaldietan.

      Bestetik, nabarmendu behar da Hitzorduak eszenarekin izeneko ekimenari izaera akademiko baliotsua eman zaiola EHUko paraninfoan, eta zenbait artistarekin izandako solasaldiak ere —Show gela izeneko formatuan— interes handikoak izan direla ikusleen eta artisten arteko ikuspuntuak trukatzeko. Azkenik, aurtengo Itineris Apur BADek aipamen berezia merezi du, zezen plazako ziega, korridore eta instalazioen izaera makabroa ezin egokiagoa suertatu baitzen bertan gauzatu ziren performance laburretarako eta gizakion gaineko zapalkuntza, kartzela eta tortura irudikatzeko.