Gorputzak zurrunbiloan
Agus Perez
Berria, 2017-06-07
“Mr. Seņora”

Konpainia: Metrokoadroka. Testuak: Oier Guillan. Antzezleak: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Oier Guillan, Joseba Roldan. Lekua: Gasteizko Baratza aretoa. Eguna: Ekainak 4.

      Gasteizko Baratza aretoak antolatzen duen Zurrunbilo jaialdiaren bigarren edizioaren amaieran eduki dut Mr. Seņora ikusteko parada, giro euskaldun ederrean eta Gasteiztik kanpoko lagun batzuk ere bertaratuak zirela.

      Metrokoadroka kolektiboak ohikoa duen bezala, hainbat arte mota elkartu dira sorkuntza honen inguruan bai taula gainean bai taularatu aurretik, letra larriz idazten dugun artea gauza estatikotzat, bukatutzat eta monolitikotzat jo ez izanaren seinale. Ikusi berri dugun produktu eszenikoa iazko udaberrian jaio zen, eta izen bereko liburua orduan ere atera zen kalera, Idoia Beratarbideren zuri-beltzeko ilustrazio alegoriko finekin hornitua. Liburuaren azal gogorrean arrosaren gamako koloreak ziren nagusi, oso hautu iradokitzailean, eta Mr. Seņora-z gain, Oier Guillanen beste testu batzuk aurkitzen ziren bertan bilduta, aspaldiko Arra, arraroa haien artean. Hortik, liburuaren izenburu osoa: Mr. Seņora eta beste ileorde batzuk.

      Bertan aurkitu dut ez dela lehen aldia Oreretako taldeak teatro-errezitaldi formula darabilena. Hain zuzen ere iazko udaberri berean jaio zen Minari buruzko solasaldiak delako pieza, kolektiboaren kemen —espero dugu— agortezinaren bidetik, eta nik esango nuke liburuko beste zati edo, behintzat ideia batzuk, taula gainera ekarri dituztela oraingo emanaldian, gutxienez anti-manifestuarena, hain erakargarria eta garaikidea, are gehiago, futurista ere egiten zaiguna.

      Zeren eta futurista esatea itxaropena adieraztea da, eta itxaropena galdu ez duena ez dago oraindik —oraindik— hilda. Nago beraiek ez direla esandakoaren guztiz kontziente, gu geu haien adinean guztiz kontziente ez ginen bezalaxe, baina adin batetik goragokoontzat poz iturri ederra da hurrengo belaunaldikoengan hain errotiko bilaketak antzematea, haien itaunek eragindako kezkak lurrikarak bezala gugan sentitzea, berriz ere igarotzea garai batean ibili ginen bideetatik, oraingoak orduko haiek ez izan arren —normala denez—, baina orduko sen berberarekin, determinazio berarekin, erosi ezina izatearen harrotasunarekin.

      Alderdi formalei dagokienez, soiltasun erabatekora jo dute antzezleek, mikrofonoa eskuan, atril banaren atzean eta aulki banatan eserita, naturaltasun landuan eta deklamazio orbangabean bilduta. Beraien arteko konplizitate keinu txikiek edertu dute berez jasoa zen giroa, eta finezia handiz dosifikatu dira noizbehinkako umore kolpeak eta erritmo aldaketak, koru eran errepikatu edo azpimarratu diren hitz gako batzuekin batera, hitz jokoen esangura konplexuek gure baitan leher zitezen, su artifizialen antzera.

      Emanaldiaren ostean eta Zurrunbilo jaialdiari amaiera emanez, Muskulo taldearen rock poetikoaz gozatu dugu. Haiek izan ziren Arrastoak-en Ainara Gurrutxagak abesten zuen kanta gogoangarri haren sortzaileak, Asier Sarasolaren hitzekin, eta Hau da nire ametsen kolorea-ren soinu-bandaren egileak. Kontuan hartzeko moduko formazioa, beraz.