Konpainia: Kukubiltxo. Lekua: Mungiako Olalde aretoa. Eguna: Martxoak 23.
Abeltegi handietako oiloen modura, arrautzak erruten eta pentsua jaten nahi gaitu gure zorioneko kontsumo-gizarteak, eta ideia horretatik abiatuta, bere azken produkzioa estreinatu berri du Kukubiltxo konpainiak. Oraingo lanak, ordea, berezitasun nabarmenak ditu aurrekoarekin konparatuta —Inorako bidaia—, kasu honetan Familie Flöz konpainiako Thomas Rascher eta Nicole Wolf izan direlako eszena-zuzendariak.
Berlingo taldea hainbatetan etorri izan da Euskal Herrira —Teatro Delusio, Ristorante inmortale…— eta aukera guztietan erakutsi du maskara bidezko antzerki mutuan daukan nagusitasuna. Berri pozgarria da, hortaz, Kukubiltxo eurekin elkartu izana eta seguru nago esperientzia aberasgarria izango dela taldearen ibilbidean.
Jatorrizko sortzaileen lengoaia eta teknika bikainaren bidetik, haien estiloko maskarak jantzi eta gorputz-lengoaiaren keinu neurtuak erabiliz adierazi dituzte pertsonaia bakoitzaren egoerak eta berbarik gabeko elkarrizketak, betiere diru gosearekin eta zoriontasun ezarekin lotuta. Ildo beretik, aipamen berezia merezi dute kartoi hutsezko eszenografia sormentsuak eta oiloen karaka dibertigarriak txertatzen dituen soinu-bandak. Osterantzean, nik uste dut askoz efektu sakonagoa lortuko zatekeela era horretako musikek giza pertsonaien eszenetako isiltasun gordina girotu izan balute.
Azken finean, antzerki mota hau bere mailarik gorenera heltzen da giza arimaren aldarteak irudikatzen dituenean, eta zeregin horretan laguntza handikoa izaten da musikaren esangura. Izan ere, emanaldian hainbatetan sartu da gidoia pertsonaien sentipenetan, poesiaren mailatik hurbil, baina, nolabaiteko mezua transmititzeko grina nagusitu da eta horrek ezinbestean baldintzatu du proposamenaren hegaldia.