Lagun etsaituak
Agus Perez
Berria, 2012-04-17
“Kafe txinatarra”

Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilak 14

      Lagun etsaituak dira Hektor (Asier Hormaza) eta Julian (Kandido Uranga) Kafe txinatarra antzezlanean. Edo etsai lagunak: ezin da jakin eta, segur aski, beraiek ere ez dakite zein motatakoa den elkarren arteko harremana. Haserre daude bizitzarekin, ez batak ez besteak ezin izan dituztelako beren helburu nagusiak bete. Baina, hain zuzen ere, hori berori da bien ezaugarri komuna, porrot betean bizi izatearen minak elkarrengana hurbiltzea eragozten dien arren.

      Ikusten denez, abiapuntu polita du antzezlanak, eta are gehiago jakinda Julianen etxean duten enkontruan hainbat gai interesgarri aletzen dituztela bi lagun etsaituek, noizbehinkako beroaldien artean: arte arloko sortze-prozesuak —bata argazkilaria da eta bestea idazlea—, hiri handietako kultur aniztasuna, amodio kontuak eta bizimodua ateratzeko zailtasunak, besteak beste. Jatorrizko testuaren egilea Ira Lewis delako bat da, eta haren gidoian oinarrituta pantailaratu zen 2000. urtean Chinese Coffee filma Al Pacinoren zuzendaritzapean, Pacino bera argazkilariaren rolean eta Jerry Orbach idazlearenean zeudela.

      Baina zinema eta antzerkia ere lagun etsaituak izaten dira, eta AEBetako film batzuetan hain gustukoa duten kutsu sasi-intelektualak eta ekintzarik gabeko solasaldi luzeek ez dute berdin funtzionatzen gurean. Gainera, oinarrizko arrisku hori handiagotu egiten da zinematik antzerkira jauzi egitean eta, bide horretatik, handicap handia eduki du antzezlanak gure gogoa bereganatzeko. Alde batetik, testua bera kontraesanez josita dagoelako —pertsonaia bakoitzaren barne diseinuan, bien arteko ika-miketan eta inguruko errealitatearekin ezartzen den loturan—, eta bestetik, dramaturgiaren baliabide bakarra testuaren esate hutsa izan delako, halabeharrez.

      Gauzak horrela, lan petrala eduki du esku artean Begoņa Bilbao zuzendariak, eta komedia dramatiko arinaren arloan beste askotan asmatu badu ere —Hil arte bizi, Ate joka, Arrastoa, Baginaren bakarrizketak, Erreleboa…—, oraingoan ezin dugu gauza bera esan. Argi dago jatorrizko bekatua testuan bertan dagoela, baina beharbada beste esangura bat hartuko zukeen muntaiak ahotsen proiekzioa, ahoskeraren argitasuna, esaldien intentzioa eta, batez ere, tempoaren kudeaketa orokorra sakonago landuta.