Haur antzerkiaz
Agus Perez
Berria, 2012-12-30

 

      Egun berezi hauetan haur antzerkia izaten da erregea, eta beharbada horregatik eduki dut azken hilabetean sail horretako hiru antzezlan mamitsu ikusteko parada. Guztiz desberdinak dira beren artean, baina hiruren ezaugarri komuna da haurrengan pentsatuak izan direla, eta, aldi berean, nagusion baitako zerbait ukitu dutela.

      Egia esan, urtean zehar oso gutxitan ikusten dut haur antzerkia, batez ere eskaintza zabal-zabala dagoelako bestelako arte eszenikoetan —dantza, zirkua, performanceak, antzerkia...—, baina baita ere apur bat lekuz kanpo sentitzen naizelako umez betetako aretoetan, emanaldian baino gehiago arreta seme-alabengan jartzen duten gurasoen erdian. Eta hala ere, beti daukat halako damu bat, jakin badakidalako oraingo umeak direla geroko ikusle posible bakarrak, eta —are gehiago— antzerkia helduok errealitatea interpretatzeko ezinbesteko tresna baldin bada, haurrei ere erakutsi behar diegula ahalmen handiko tresna horren erabilera.

      Hasieran esan bezala, desberdintasun handiak izan dira egunotan ikusitako hiru proposamenen artean, eta Babia izenekoan helduontzako maila nagusitu da, nahiz eta ume helduek ere atsegin handiz eta xehetasunik galdu gabe jarraitu duten hitzik gabeko kontakizuna. Dena da irudimentsua Ganso & Cia konpainia durangarrak azaro amaieran estreinatu zuen piezan, eta taula gaineko bi protagonistek zorioneko krisiaren inguruko istorio gizatiar bat aurkezten digute, laguntasunaren balioa beste ezeren gainetik nabarmenduz eta, bide batez, giza arloko zenbait kontutan arakatuz. Iñaki Rikartek zuzendu duen lan honetan Gorka Ganso eta Txefo Rodriguezen esku daude bi protagonista ganorabako baina maitagarrien pertsonaiak, eta Iñaki Ziarrustaren kartoizko eszenografiak aipamen berezia merezi du, sorpresaz beteta dagoelako, Txeforen soinu-espazioa bezainbeste.

      Hitzik gabekoa da Marie de Jongh konpainiaren Alabatxo lana ere, baina kasu honetan nahasketa berezi bat sortu da helduon eta umeen planoen artean, bien arteko gauza bat izan beharrean ikusle mota biak izan direlako antzezlanaren emaitzaren hartzaileak. Aurreko lanean bezala, hainbat giza kontu aztertu dira emanaldian zehar, eta antzezlanaren muina dirudiena —ama haurdunak espero zuen alabatxoa galtzea— aitzakia baino ez da jende nagusiaren bazterketa irudikatzeko eta belaunaldien arteko adiskidantzaren balioa azpimarratzeko. Jokin Oregik zuzendutako lan honek merezimendu osoz eskuratu zuen lan onenaren saria Espainiako FETEN jaialdian, eta horretan, zalantzarik gabe, esangura handikoak izan dira Jabier Renobales, Ana Meabe eta Jose Ramon Soroizen antzezpen gozagarri eta zehatzak.

      Azkenik, eta ume txikien munduan bete-betean sartuta, Dejabu Panpin Laborategiaren Azken portua ikusi dut abenduaren amaieran, alfonbra gainean eserita eta hiru urteko haurtxo bat nire belaunean bermatzen zela. Arrain kaxak izan dira eszenografiaren elementu nagusia, eta haien artean agertu dira Didi eta Gogo, azken portuko biztanle bakarrak. Kontakizunean zehar, garai bateko arrantzaleen pasadizo artean ibili gara, eta Dejabukoek objektuen maneiuan duten abilezia guztia baliatu dute Krixpin txikiaren abenturak taularatzeko. Ander Fernandezek bere soinu miresgarriak sortu ditu zuenean, artisautza eta teknologia konbinatuz, eta fantasiazko mundu horretan sareak itsaso bihurtu dira, gomazko eskularruek arrainen forma hartu dute, arrain kaxez egindako itsasontzi batean bidaiatu dugu eta marinel zaharrak bere laguntxo Krixpin aurkitu du, Ilargiarekin tratua eginda.

      Hiru istorio miresgarri izan dira, hirurek nabarmendu dute benetako laguntasunaren balioa eta hiruretan geratu dira harrapatuta umeak zein helduak, lehen momentutik bukaeraraino. Horrelakoak izan daitezela haurrentzat sortzen diren antzerki emanaldi guztiak!