Bat izan ezik
Agus Perez
Berria, 2013-02-05
“Peter Pan”

Jatorrizko obra: James M. Barrie. Libretoa eta musika: Piers Chater Robinson. Abesti osagarriak: Oihan Vega. Euskaratzea: Valen Moņux, Jone Larraņaga. Musika zuzendaria: Xabi Torres. Eszena zuzendaria: Valen Moņux. Lekua: Elgetako Espaloia antzokia. Eguna: Otsailak 2.

      Haur guztiak hazten dira, bat izan ezik. Ideia horretan datza James M. Barrie eskoziarrak XX. mendearen hasieran sortu zuen pertsonaiaren originaltasuna, eta, harrez geroztik, mundu osoan da ezaguna Peter Pan, heldu nahi ez duen mutikoa, alegia. Mundu osoan ezaguna bai, baina euskaraz oraintxe dugu lehen aldiz haren istorioa ezagutzeko aukera, Bergarako Musika Eskolaren ekimenari esker.

      Oraingo musikala sortu baino lehen, Miserableak eta Oliver eszenaratu dituzte Bergarakoek, betiere bertako bizilagun askoren parte hartze eta laguntzarekin, eta nik uste dut Miserableak hunkigarri hura bizirik dagoela gaur egun ere gure bihotzetan. Oraingo muntaiak, ordea, ez du orduko indar sozial iraultzailea, eta beste kontu batzuen inguruan eratu du bere xarma, fantasiazko ipuinari darion lilura oinarritzat hartuta.

      Gauzak horrela, Barriek diseinatutako kontakizun sormentsuan murgildu gaituzte Valen Moņux eszena-zuzendariak eta bere kolaboratzaile taldeak, eta beren lanari esker hegan egin dugu Sekula Betiko lurralderantz, Peter, Wendy eta bere bi neba txikiekin batera. Darlingtarren etxetik abiatuta, hainbat bazter miresgarri ezagutu ditugu —sirenen aintzira, ume galduen bizilekua, indioen parajea, Gako Oker kapitainaren goleta...— eta horrek izugarrizko ahalegina eskatu die muntaiaren sortzaileei eta tramoiarien ekipoari, baina esan beharra dago efikazia osoz gauzatu direla eszena aldaketa guztiak, haietariko gehienak zailtasun handikoak izan diren arren. Gainera, ugariak eta ikusgarriak izan dira argiekin eta objektuekin sortutako ilusio eszenikoak, piroteknia-efektu txikiak barne.

      Antzezpenei dagokienez, berriz, helduek txukun bete dituzte beren rolak —Wendyren gurasoak, Gako Oker kapitaina eta bere morroia...—, eta aipatzeko modukoak izan dira Peter Pan eta Wendyren pertsonaienak —Aitor Garitano eta Miren Gutierrez—, batez ere kontuan izanda beraiei egokitu zaielako benetako protagonismoa. Era berean, koreografia xume asko tartekatu dira han-hemenka, eta haiei esker nolabaiteko nortasuna hartu dute gaztetxo ugariz osatutako haur galduen, indioen eta piraten taldeek.

      Azkenik, zelan ez, Bergarako Musika Eskolako orkestraren eta abesbatzaren rola nabarmendu behar dugu, kemenez, kohesioz eta distiraz girotu dutelako hazi nahi ez zuen mutikoaren istorioa eta heldutasunaren paradigma den neskatoarena.