Etika eta estetika
Agus Perez
Berria, 2017-12-30
“Izar”

Konpainia: Marie de Jongh. Egilea eta zuzendaritza: Jokin Oregi. Musika: Iņaki Salvador. Eszenografia eta jantziak: Elisa Sanz. Argien diseinua: Javi Kandela. Irudi proiektatuak: Carles Porta. Esku-programako ilustrazioa: Ane Pikaza. Antzezleak: Anduriņa Zurutuza, Javi Renobales, Ana Meabe, Ana Martinez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 28.

      Hari batetik zintzilik zegoen familia hartako zoriontasuna, eta hari batetik zintzilik geratu da Izar neskatoa sendi gainean zorigaiztoa jausten denean. Piano-hariekin egindako gortina bertikal handiek apaintzen dute haren mundua, pianoaren kontra jarriko da haserre betean eta pianoak berak salbatuko du azken finean.

      Bere aurreko lanaren arrakastaren ostean —Amour—, beste gai korapilatsu bati ekin dio orain Marie de Jongh konpainiak, eta aurrekoarena sexu berekoen arteko maitasuna izan bazen, oraingoa heriotzaren kolpea eta gertakizun ulertezin hori gainditzeko bide posible bat eraman dute taulara. Aurrekoetan bezala, hiru ezaugarri nagusi mantendu ditu konpainiak: emanaldi osoan ez da hitzik esaten, antzezleek maskara neutroak darabiltzate eta, printzipioz, ume helduei zuzentzen zaie emankizuna.

      Ez da erronka makala, gero, baina zorroztasun etiko eta estetikoaren aldeko apustu garbiak bere fruituak eman ditu, ez beharbada publiko zabal-zabalarengan, baina bai beren seme-alabentzat kalitatea eta telebistako entretenimendu merketik ihesi doazen guraso adimendun askorengan. Gaurko emanaldian ondo beteta ikusi dugu Arriaga, adin guztietako umeak etorri dira guraso arduratsuen eskutik, eta emanaldian zehar ez da batere zalapartarik entzun, heldu batzuen eztul kontrolagaitzak kenduta. Eta, zinez, denbora tarte zabalak eduki ditugu inguruko ikusleen arnasa ere entzuteko, baina isilune horietan ez da arnasterik ere entzun. Horrek dena esaten du lanaren planteamenduaz eta eszenaratzeaz.

      Arestian esan bezala, piano-hariak izan dira eszenografia erdi eskematiko erdi sinbolikoaren elementu nagusiak, eta Oregi haietan bermatu da dramaturgia landua eraiki eta hitzik gabeko kontakizuna portu onera eramateko. Dramaturgia horren fruitu bezala, txukun gauzatu da amaren itzaltzea, eta eredugarritzat jo dezakegu geroko denboraren iragatea, batez ere ispiluaren eszenari esker. Ordea, nik zuku gehiago espero nuen pianoaren konponketa magikoaren kontura, eta apur bat zapala iruditu zait ama espektrala agertzeko modua. Beharbada, zerbait hobetu zitekeen haren jantziaren diseinuan eta maskara faltaren erabileran.

      Amaitzeko, Iņaki Salvadorren soinu-banda aipatu behar dugu. Nik, pertsonalki, musika gehiago espero nuen emanaldian, baina onartu behar dut isiluneak ere izan direla musika eta antzezleak bezain protagonista, eta hirurei esker lortu duela lan eder honek bere dentsitate artistiko betea.