Isiltasunaren zale
Agus Perez
Berria, 2014-01-25
“Karakola eta Barea”

Zuzendaria: Asier Sota. Testuetarako ideiak: Xabier Etxaniz Rojo. Antzezleak: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: urtarrilak 23.

      Isiltasunaren zale dira Ray eta Nick, taula gainean serio demonio aldarrikatu dutenez. Baina egia berdadero bat dute azaltzeko, eta honezkero ez dira gehiago isilduko. Kokakola eta barea estreinatu zenetik Euskal Herri osora zabaldu da notizia, eta horren arabera berridatzi beharko dugu euskal kantagintza modernoaren historia.

      Adi, beraz, Badok atariaren sortzaile eta kudeatzaileak!: Ez Dok Amairu talde fundatzailearen argazki mitiko hartan ezinbesteko kide bi falta ziren, eta bidegabekeria historiko hura konpondu nahian igo dira taulara, besaulki-patioa zeharkatuz. Ray izenekoa tronpeta jotzen etorri da, feria bateko musikarien antzera, eta Nickek erritmoari eusten zion, aulki tolesgarri bateko oholtxoak makilatxo batekin joz. Gora irudimena, gora patxada eta gora antzerki apalaren baliorik behinenak!

      Behin taula gainera igota, Labegerieren sorburuko kanta abertzale haiekin gogoratu, eta atoan sartu dira Ez Dok Amairuren barruko kontakizunetan, azken finean beraiek ere egon zirelako bilera gogoangarri haietan eta euren ekimenez hasi ei zen Laboa ingeles hitzak tartekatzen, Benito bere ahotsari lakartasuna ematen eta Lete bizarrarekin agertzen. Garai haietako xehetasun guztiak jakite aldera, bi-biek idatzitako liburua eta guzti aurkeztu eta erostera animatu gaituzte, Urrutiko intxaurrak izenburu profetikoa lau haizetara aldarrikatuz.

      Baina Ez Dok Amairuren garaietatik hona asko aldatu dira gauzak, eta bikoteak —beti errealitatetik metro bat aurrerago— Kilometroak ekimenari ere proposatu dio kanta bat, ingelesezko hitz ezagun guztiak euskarazko batzuekin apainduz. Gainera, emanaldiaren punturik surrealistenean, Honorio delako hura berpiztu da kontakizunean, bikotearen aurreko lanetik erreskataturik, eta maila gorenera eramanez Tolosaren zein Agirreren aktore-gaitasuna.

      Hortik aurrera, dena izan da posible, eta munduan zehar ibili gara bikotearen eskutik, Ekialdeko Berlindik Moskura, eta Siziliako kanposantuetatik Amazoniako oihanera, Rayk eta Nickek klarinetea eta gitarrak berezko abileziarekin jotzen zituztela eta era guztietako abestiak ezuste ugariz hornitzen zituztela. Argi dago Agirrek eta Tolosak sormen esparru polita aurkitu zutela Xentimorik gabe harekin eta oraingo hau haren jarraipen natural eta zintzoa dela. Goza ezazue, ikusleok, merezi du eta, eta espero dezagun Honorioren berri hurrengo ataletan ere izatea.