Elurra ari zuen
Agus Perez
Berria, 2014-02-19
“Zazpi aldiz elur. Mikel Laboa elurretan”

Konpainia: Tanttaka. Egilea: Bernardo Atxaga. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Otsailak 16.

      Elurra ari zuen Euskal Herrian abendu hasiera hartan, Mikel Laboa hil zenean, Joan, ordea, ez da inoiz gugandik joan, eta gertutik ezagutu zuten batzuek hark utzitako arrastoa laburbildu eta publiko zabalarekin konpartitu nahi izan dute.

      Bernardo Atxagaren Zazpi aldiz elur artikuluan oinarrituta —Erlea aldizkariaren lehen zenbakian argitaratu zen—, eta Laboaren musika lagun, haren inguruko paisaia eratu dute taula gaineko bost interpreteek. Atxagaren testuak, gogoeta pertsonalak eta bere abestietako hitzak ganoraz josi eta Laboarengan elkartzen ziren artista eta pertsona aurkeztu dituzte, osotasun baten modura, eta seguruenik funtsezko batasun horretan datza lan honen balio nagusia, Laboarengan zetzan bezalaxe.

      Fernando Bernuesen eszenografiak plastiko zeharrargietan inguratu du eremu eszeniko zuritua, eta elur-maluten proiekzioek edertu dituzte pasarteen arteko trantsizioak. Zazpi atalak iragartzeko, filmetako hasierako segundoak seinalatzen dituzten zenbakiak erabili dira eta zinema mutuak ere bere presentzia eduki du pianoko estalkian proiektatu diren irudi hautatuei esker. Hain zuzen ere, eszena hori izan daiteke lan honetako unerik estimagarrienetariko bat, Iņaki Salvadorren pianoan hainbat kanta ezagun irudi mutuen akonpainamendu bihurtu direnean.

      Elementuen arteko elkarketa aberasgarri hori behin baino gehiagotan gertatu da, baina haietariko bakoitza aztertzen hasita, Gabilondok prestaturiko dramaturgia lasaia azpimarratuko nuke, ederto egokitu delako Atxagaren testuaren barne erritmora eta Laboaren figurak eskatzen duen gogoeta pausatura. Gabilondok aktore lana ere egin du, txukun eta dotore, eta berarekin batera jardun duen Iņaki Rikartek sorpresa ederra eman digu bere gaitasun eszenikoagatik, batez ere bigarren atalean, Aveyrongo basamutila gorpuztu duenean.

      Ezinbestekoa zenez, musika arloak garrantzi handia hartu du emanaldian zehar, Iņaki Salvador —pianoa eta akordeoia— eta Angel Unzu —gitarra— Maria Berasarteren ahotsaren osagarri zirela. Haren abesteko era sofistikatuak, ordea, kontraste egin du Laboak transmititu zigun soiltasun sakonaren ideiarekin, baina Berasarteren erregistro bereziak nortasun ukaezina eman dio lanari. Azkenik, eskertzekoa da Zumetaren irudi koloretsuak proiektatu izana, haiekin eta Salvadorren pianoarekin eraman baitugu etxera Laboa zenaren gogorapen goxo bat.