Hildako bat behar da
Agus Perez
Berria, 2014-03-15
“Pankreas”

Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Mikel Martinez, Patxo Telleria. Bertso zuzendaria: Karmele Aranburu. Bertso aholkularia: Andoni Egaņa. Musika: Santiago Ramos. Eszenografia: Eider Ibarrondo, Isabel Acosta. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoaren 13a.

      Pankreas transplante baterako hildako bat behar da aurrena, eta abiapuntu berezi hori hartu dute Tartean Teatroko kideek beren azken komediari ekiteko. Egia esan, komedia baino gehiago tragikomedia da, bertsoz paratua gainera Patxo Telleriaren hitzetan, harenak baitira gidoia eta neurtitzak.

      Gainera, bitxia da jakitea gaurko ikusle askok ez dutela inoiz entzun bertsotan idatzitako antzezlan euskaldunik, salbu orain urte batzuk Pedro Ignazio Barrutia arabarraren Actto para la Nochebuena ikusi genuenok. XVIII. mendeko harribitxitzat jo daiteke Arrasateko Doke antzerki taldeak taularatu eta Itziar Rekaldek zuzendu zuen obra hura —jatorrizko testuan erdarazko pasarteak ere tartekatzen ziren—, eta antzerki testuetan bertsoak ohituraz kanpo geratu badira ere, Pankreas-en ondorioz beharbada modan jarriko dira berriro. Batek daki!

      Hasiera gozoa izan du emanaldiak, hiru aktoreek hitza eta mimika konbinatzen zituztela argumentuari sarrera moduko bat emateko eta ikusleen buruak eta gogoa lanaren planteamenduan errazago kokatzeko. Hasierako fase hori gaindituta, eta argumentua bertsotan ulertzeak beste munduko zailtasunik ez zuela ikusita, bete-betean sartu gara Patxo Telleriaren endredo umoretsuan, argi izan arren bizitza arruntean ezinezkoak direla halako egoerak, baina jakitun izanik benetako komediak eratzeko beharrezkoak direla muturreko egoerak eta bizitzarekin lotutako auzi sakonak.

      Itxura klinikoko eremu eszeniko garbi eta zuria guztiz egokia izan da gaixoaren etxeko guneak irudimenarekin ikusteko, eta espazio hutsak aktoreen ardurapean utzi du protagonismo osoa, obraren planteamenduari zegokionez. Jokin Oregiren zuzendaritzapean gustura aritu dira Apaolaza, Martinez eta Telleria taula gainean, esku artean zuten jostailu dramatikoari etekin ona ateratzen eta argumentuaren funtzionamendu atseginaz gozatzen. Arestian esan bezala, bertsoak ez dira oztopo izan, eta euren eragina gehiago igarri da esaldien erritmoan errimetan baino. Gauzak horrela, laster batean igaro dira minutuak, antzezlan mamitsuetan gertatzen den moduan, eta Arriaga antzokia polito betetzen zuten ikusleek txalo beroekin eskertu dute komedia buruargi honen emaitza.