Zintzotasunaren ajeak
Agus Perez
Berria, 2014-03-22
“Misantropo”

Konpainia: Kamikaze. Egilea: Moliere. Moldaketa eta zuzendaritza: Miguel del Arco. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 20.

      Gizon zurruna da Altzestes: egia maite du beste ezeren gainetik, eta ezin du eraman gizakien itxurakeria. Maila sozialean gora egiteko beti plantak egin beharrak sumindu egiten du. Erabateko zintzotasunak, aldiz, arazoak ekarriko dizkio Zelimene maitearekin, lagunekin eta gizartearekin, eta etengabeko borrokan biziko da protagonista, bere egiaren defentsa eta bizitza soziala elkartu ezinik.

      Kamikaze konpainia Espainia aldean noizean behin sortzen den proiektu interesgarri horietariko bat da. Aitor Tejada euskal herritarrak eta Miguel del Arcok sortu zuten, eta azken horrenak dira moldaketa eta zuzendaritza.

      Del Arcoren adaptazioak Moliereren bigarren mailako pertsonaiak kendu eta enpresa bateko ospakizun batean kokatu ditu protagonistak, abilezia handiz konbinatuz jatorrizko testuaren txatal nagusiak eta oraingo testurako idatzitakoak. Gainera, oraingo testuan nabarmenagoa da Zelimenek gizonen matxismoa baliatu nahi duela bere probetxurako, hautu horrek galbidea ekarriko dion arren, eta Del Arcok tekla hori sakatu du batzuen zein besteen izaera konplexuan sakontzeko.

      Beldurrik gabe esan ahal dugu bete-betean asmatu duela gaurkotze prozesu horretan, gaurko erara diseinatutako egoerak eta dialogoak guztiz bat datozelako jatorrizko pertsonaiengan gertatu behar zenarekin. Izan ere, eta moldaketa askotan aurkitzen dugunaren kontrara, ahalegin berezia egin behar izan dugu esaldi garaikideak eta barrokoak bereizteko, Del Arcoren trebeziari esker seguruenik, baina baita ere Moliere giza arimaren benetako kontuetan murgildu zelako.

      Betiere Del Arcoren eragina aztertuz, aipatzekoak dira eskuko telefonoei emandako garrantzia eta eremu eszenikoaren laguntzaz eratutako dramaturgia sormentsua. Izan ere, pertsonaiak jaia ospatzen den gau-lokaleko kanpoaldean ikusiko ditugu, kale itsu batean, zaborrez eta edari-kaxa hutsez inguratuta, eta diskoteka barrukoa atea zabaltzen denean baino ez dugu ezagutuko, itzal txinatarren moduko proiekzio esanguratsuen bidez. Alde horretatik, jakina, laguntza handikoak izan dira dekoratu erabat naturalista eta argien diseinu landua.

      Azkenik, aktoreek sinesgarritasun osoz gorpuztu dituzte beren pertsonaiak, ñabardurak eta dentsitatea emanez haietariko bakoitzari, keinu landu eta zehatzak erabiliz, deklamazio eta ahotsen proiekzioa goi mailakoa izanik eta —gehien eskertzen dena— protagonismo idorretik ihesi, norberaren lana emankizun komun eta eder baten zerbitzura jarrita.