Jamilen ustekabeak
Agus Perez
Berria, 2015-10-20
“Zergatik, Jamil?”

Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Jokin Oregi, Patxo Telleria. Antzezleak: Mikel Martinez, Eneko Sagardoi. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Urriak 17.

      Esan dezakegu azken urteotan bertan gozo egon garela Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak sortutako estilo komikoan. Euskara sencilloaren manifiestoa, Larru haizetara, eta Euskarazetamol bezalako lanekin urratutako bidea iaz heldu zen bere punturik gorenera, Lingua Navajorum-ek Donostia Antzerki saria eskuratu zuenean. Baina euskaldun berrien ajeez barre egiteko bideak agortuta zirudien aspalditik, garai batean berritzaile eta sormentsua izan arren, eta bikotearen parte hartzea izan duten beste lan batzuk ere —LKM, Pankreas...— umorearen bidetik ibili dira, argumentuaren drama-ezaugarriak gorabehera.

      Ordea, komikotasunaren aldeko hautu horrek nolabaiteko ahanzturan utzi ditu Izarretako bitakora, Kontrabaxua eta ia oharkabean igaro zen Kaio luma zikina bezalako obra bikainak (azken hori Carlos Paneraren zuzendaritzapean), baina badirudi Zergatik, Jamil? honekin bide berri bat irekitzen zaiola Mikel Martinezen erregistro dramatikoari eta, berarekin batera, euskaraz sortutako antzerki konbentzionalari.

      Telleriak idatzitako argumentuak elementu guztiak dauzka ikusleak jarrera aktiboan egon daitezen beren besaulkietan. Hasieran jakinarazten digutenez, Jamil hilketa lazgarri baten protagonista izan da eta ziega batean dago, leporatzen dioten gertakizuna gogoratu ezinik eta kanpoko jendetza suminduak oihu atzerakoi eta arrazistak botatzen dituela. Hasiera horretatik abiatuta eta bere amnesiatik irteteko ahaleginean hildakoa bera izango du lagun, eta bien artean joango dira gertakizunak berreraikitzen, balizko egiaren bila. Bide malkartsu horretan, atzera eta aurrera doa denbora etengabe, eta bien arteko harreman korapilatsuak ustekabe asko eman digu emanaldian zehar, sexu joera, kultur jatorri, egoera sozial eta adin desberdintasunei dagokienez.

      Orain arte asko esan dugu Mikel Martinezi buruz, eta badirudi Eneko Sagardoi ahaztuta daukagula. Normala da, Martinez beteranoa, ia historikoa izanik, baina jakin behar dugu Sagardoi gaztea indar handiz eta beraren merituengatik ari dela sartzen euskarazko antzerkiaren panoraman: urtebeteko epean Arkimedesen printzipioa, Arren ganbara eta emeen sotoa, Amodioaren ziega eta Zergatik, Jamil? interpretatzen ikusi dugu, eta haietan guztietan jakin izan du kemena eta nortasuna ematen proposamenari.

      Martinezengan, aldiz, biziki estimatu dugu bere alde dramatikoa berriro erakutsi izana. Biak ala biak hotz samar ibili dira emanaldiaren hasieran, baina berotu ahala bikote dramatiko interesgarri bat eratu dute, ñabardura ugarirekin hornitua eta sendotasunez emana, agertoki hutseko aulki soila eta atzeko proiekzioak laguntza eszeniko bakartzat zituztela.