Jaungoikoaren bulegoan
Agus Perez
Berria, 2016-06-21
“Zerura eroria”

Konpainia: Anodino teatroa. Zuzendaria: Pablo Ibarluzea. Antzezleak: Aitor Fernandino, Aiora Sedano, Florentino Badiola. Lekua: Gasteizko Baratza aretoa. Data: Ekainak 17.

      Gasteizko Baratza aretoaren inguruan sortu den Zurrunbilo jaialdian ikusi dugu bigarrenez Zerura eroria antzezlana. Argi dago lehenengoan estreinatu zenean nahiko berde zegoela produktua, baina argi dago era berean bai zuzendariak bai antzezleek jakin izan dutela inguruan zituztenei entzuten eta lanean jo eta ke jarraitu dutela orain ikusi dugun produktu borobila lortu arte.

      Anodino Teatroa deitzen da aurten munduratu den formazioa, eta interesgarria izan daiteke beren lehen lan honen esku-programan dakarrena jakitea, bertan anodino izenondoaren definizioa agertzen baita: 1. Sustantzi bakoa, garrantzirik gabekoa; 2. Mina arindu edo kentzen duena. Hain zuzen ere, bi ezaugarri horiek ditu talde berriaren proposamen eszenikoak, eta beste batzuk ere bai, hala nola ikonoklasta, ganberroa eta konplexurik gabea izatea.

      Pablo Ibarluzea zuzendariak eremu eszeniko soila planteatu du lan honetarako, eta muntaiaren esperpento garaikide izaerari jarraituz, antzezleen jantzi surrealistak izan dira estetika groteskoaren osagai nagusiak, estilo bereko attrezzo-elementu gutxi batzuekin batera. Inguru irreal horretan eszenaratu da Mikel Fernandinok idatzitako testua —Iņaki Ziarrusta arduratu da euskararen egokitzapenaz—, eta horren bidez ezagutu ditugu funtzionario txepel baten gorabeherak hil osteko bidaian. Atseden eternaleko harrera-gunean anabasa handia aurkituko du eta Jaungoikoaren bulegora bidaliko dute dagokion alojamendua aurkitu arte.

      Berez irudimentsua den hasiera horri etekin handia atera dio zuzendariak hiru aktoreen balio ukaezinetan oinarrituta. Aitor Fernandinok zendu berriaren figura patetikoa eratu du, beste aldeko mundu kaotikoa bere logika grisarekin ulertu nahian; Florentino Badiolak, aldiz, bi pertsonaia ordainezin eman ditu —hildakoaren gidari espirituala eta Jaungoikoa bera— eta Aiora Sedano Ama Birjina, Kalkutako Teresa, Deabru junkiea, funtzionarioaren nobia eta ez dakit zer gehiago izan den, rol guztietan eroso eta pertsonaia bakoitza ņabardura askorekin hornituz.

      Egoerak eta solasaldiak bizitasun handiz gauzatu dira, aspertzeko inolako aukerarik eman gabe, eta absurduaren garapenean hainbat instituzioren gaineko satira dibertigarriak agertu dira, ikusleon barre-algara ugariak lekuko. Ongi etorria izan dadila Anodino taldea eta ongi etorria bere freskotasuna, bien artean umore deskontrolatuaren pieza jarriko dutelako euskarazko antzerkiaren eraikuntzan.