Pieza laburren eztena
Agus Perez
Berria, 2016-06-28
Piezak saileko lanak eta “El Entretenimiento”

Lekua: Errenteriako Mikelazulo kultur elkartea. Eguna: Ekainak 23 eta 25.

      Eztena jaialdiak urtero lortzen du kosk egitea gure emozioen gunean, eta aurtengo edizioa bereziki zirikatzailea izan da, pieza laburrek duten ziztatzeko ahalmena baliatuta. Ordea, hemen ezin dut jaialdiko lan guztien berri eman, besteak beste haietariko batzuk hementxe komentatuak nituelako.

      Piezak izena darama jaialdi txiki baina txukun honetako atal batek, eta sail horretan sortze prozesuan edo zerbaiten ernamuina izan daitezkeen lan laburrak aurkezten dira, sortzaileek ikusle trebatuen iritzia jaso dezaten.

      Arratsaldeko lehen zatian Amaia Irazabalen Eltxoak, Alexia Papantxeven Origines/Orígenes (Jatorriak) eta Abarka taldearen Besaulkiak ikusi genituen. Lehenak interpretearen dohain eszenikoetan aurkitu zuen bere indarra, gaiaren ahulezia gorabehera; bigarrenak memoriaren galera landu zuen, maisuki landu ere, Baionako Des vents et des marées konpainiaren eskutik, eta hirugarrenean Gotzon Barandiaranek idatzi eta Ander Lipusek zuzendutako bilaketa eszenikoaren zirriborro polita eskaini zigun Markinako taldeak.

      Bigarren zatian J. B. Pedradasek (Javi Barandiaran) Mi hijo es sueco divertimento dibertigarria oparitu zigun, oinarrian alemaniar izaera zegoela —bere kezketariko bat omen da—, eta inprobisazioa nahiz clown teknikak baliatuta. Jarraian, Ainhoa Alberdik Platonen alaba planteatu zigun —gaueko piezarik landuena eta konplexuena, duda barik— beraren bizipen pertsonal artegagarrietan oinarrituta, Joseba Peña Landabururen testuekin eta Samara Velteren zein Eneko Balerdiren aholkuetan bermatuta.

      Larunbateko egitarauan gauza asko zeuden, baina niri Sleepwalk collective interesatzen zitzaidan gehienbat. Erroak Gasteizen eta Londresen dituen kolektibo honek Itzulera izeneko lan paregabea eszenaratu zuen 2012ko dFerian, eta bertan jaio eta hil zen, Euskal Herriko programatzaileen lotsa eternalerako. Domestika beren hurrengo lana 2014an ikusi genuen BAD jaialdian, eta oraingo proposamena El entretenimiento deitu da. Sammy Metcalferen zuzendaritzapean, barne-bidaia batera gonbidatu gaitu Iara Solanok, norberaren plazera, nahiak eta oroitzapenak gaitzat hartuta eta gogoeta eginez gaur dugun informazio gaindosiaz.

      Antzezleak jarrera ia estatikoan jokatu zuen bere rola, eta testuaren intimotasuna izan zen bere kartarik onena. Harekin batera etorri ziren interpretearen jarrera eta begirada delikatuak, noizean behin erabateko iluntasunean murgilduta eta beste batzuetan argitasun mingarrian bilduta, eta, esandako guztiaren osagarri, ikusle bakoitzak aurikularretan jaso zuen Metcalferen soinu-paisaia psikodelikoa. Askotan ikusi ditugu irudiekin egindako lanak, gehienetan betegarri hutsa izan direnak, baina kasu honetan jakituria handiz erabili da ahotsak emozioetan daukan ahalmena, eta beldurrik gabe esan ahal dugu benetako artelana sortu dela musika inguratzailearekin batera.