Lanean gaude, nagusi
Agus Perez
Berria, 2016-06-29
“Lurrak”

Egilea eta zuzendaria: Adrian Schvarzstein. Musikariak: Mikel Hernandez Urrutia, Anai Gabra, Roberto Castro, Unai Laso. Jantziak: Paulette San Martin. Argien diseinua: Iker Donoso. Interpreteak: Izaskun Agirresarobe, Nuria Puig, Marc Muņoz, Ortzi Akosta, Gaizka Chamizo, Josu Aurrekoetxea, Gotzon Batikon. Lekua: Bilboko Arriaga plaza. Eguna: Ekainak 27.

      Euskal Herriko zirkuak badauka zer ospatu, orain gutxi sortu den Lurrak konpainiak izen bereko ikuskizuna plazaratu ostean. Arreko eguneko BERRIAn irakurri nuen Adrian Schvarzstein sortzaile argentinarrari egindako elkarrizketa (Iņigo Astiz, ekainak 24), eta ezinbestekotzat jo dut euren proposamenaren inpaktua zuzenean jasotzea.

      2007an ikusi genuen Zornotza aretoan Circus Klezmer izeneko zirku eszenikoa, haren sortzaile eta zuzendaria oraingo bera zela, eta ordukoaren antzekotasun batzuk antzeman daitezke sorkuntza honetan ere. Haietariko lehena zirku-lengoaiaren bitartez istorio moduko bat kontatzearena da, zirkuko kode eta trebeziak narratiba baten zerbitzura jarrita. Bigarrena izan liteke kontakizunari emandako izaera poetikoa, errealitate arrunta samur-samur iraulita. Eta, zalantzarik gabe, hirugarrena da musikari emandako rol nagusia.

      Oraingo honetan ere, musikak hartu du elkarlana portu onera eramateko ardura. Musikak girotu du emanaldia, musikak gidatu du kontakizuna, eta une batzuetan musikaren esku geratu da protagonismo osoa, bikain uztartuta ekintza eszenikoarekin eta zirku-saioekin. Zirkuaren tradizioan jasota geratu den legez, ezin da bereizketa handirik egin akrobaten eta musikarien artean, denek denetik egiten jakin behar dutelako, eta kasu honetan ere hori berori gertatu da, akordeoi, txirula, alboka, gitarra, idazmakina, telefonoa, zorroztarri elektrikoa eta soinua ateratzeko gai den beste edozein instrumentu jota, baina denetan txalapartariak izan dira emanaldiaren izarrak, egur zein harrizko txalaparten eta inguruan zituzten bidoien jabe egin direnean.

      Lantegi arraro bateko jarduna irudikatu da emanaldian zehar, eta horretarako guztiz aproposak suertatu dira txalapartariek sortutako erritmoak. Fitxatzeko makinatik igaro ostean, banan-banan jarri dira beharginak lanean, eta haien atzean etorri da zuzendari patetikoa, azpikoen buruzagia izan nahian baina beti nagusiaren telefono deiaren zain, beti haren esanetara zintzo-zintzo jartzeko prest. Une batean, ordea, irauliko da egoera ikusleen txaloen artean, eta festa lehertuko da harrezkeroztik.

      Panorama horren erdian eta lanaren parte balira bezala gertatu dira zirku-erakustaldiak, batez ere soka bertikaletan, jauzi akrobatikoetan eta Ortzikon izeneko tramankulu berezian zentratuta, denek ere nazioarteko mailari eutsita. Ikusleek entusiasmoz jarraitu dituzte musikarien eta akrobaten eboluzioak, euskaraz eman dira zuzendari gajoaren hizketaldiak eta aginduak, eta lehen txaloekin batera zutundu dira ikusleak, eurengan sortutako emozioa askatzeko. Azken gomendio bat amaitu baino lehen: mesedez, erregistratu lehenbailehen Ortzikon delako hori, eta lortu mundu-ospea, Cyr gurpilarekin gertatu zen bezala, zirku-arteen onerako eta Euskal Herriaren izenean.