Gure antzerkia
Agus Perez
Berria, 2016-12-21
“Telesforo ez da Bogart”

Egilea: Xabier Mendiguren. Zuzendaria: Inazio Tolosa. Antzezleak: Bernadette Luro Irazoki, Peio Berhokoirigoin, Maider Beherain, Iban Ithurbide, Ainhoa Elizondo, Mizel Jorajuria, Lierni Elortza, Pierre Lore 'Partza', Maialen Fathoux, Kattin Mendiburu. Lekua: Senpereko Larreko antzokia. Eguna: Abenduak 17.

      Senpereko Larreko antzokia azken lerroraino beteta zegoela estreinatu du Iduzkilore taldeak Telesforo ez da Bogart antzezlana, Xabier Mendigurenen testu batekin eta Inazio Tolosaren zuzendaritzapean.

      Iduzkilore taldea 2010ean sortu zen, maila amateurrean eta Lapurdiko antzezle batzuk elkartuta, baina jarraian argitu behar dut amateur hitzak ez duela kalitate apala esan nahi. Izan ere, taldean zenbait antzezle handi batu dira, eta hasieratik bertatik bilatu dituzte idazle eta taula-zuzendari sendoak beren muntaietarako.

      Haietariko lehena Iduzkilore deitu zen. Orduko hartan Peio Txipi eta Joseba Aurkenerena izan ziren testuaren egileak, eta Manex Fuchsek zuzendu zuen muntaia aurrerakoi hura. Bigarrenerako —Hazparneko anderea (2014)—, Ander Lipus hautatu zuten zuzendari, eta haren gidaritzapean tonu garaikideagoa hartu zuen Telesforo Monzon politikari eta idazlearen obrak. Hirugarren honetan, berriz, Monzon bera da protagonista Xabier Mendigurenen testuan, eta polita da jakitea Publikoari gorroto (Huts teatroa) eta Hamlet (Le petit Theatre de Pain, Dejabu eta Artedrama) Mendigurenen testuetan oinarritu zirela, horrela ezin hobeto osatzen delako gure antzerki estandarra ordezkatzen duen egungo paradigma.

      Oraingo honetan egileak ongi baliatu ditu gertaera historikoak —Monzonen erbesteratzea frankistek Hegoaldea eta naziek Iparraldea okupatu ostean, Mexikora joateko hartu zuen Alsina itsasontzia, Casablancan eta Dakarren izandako geldialdi etsigarriak...—, eta haien gainean eraiki du aurkeztu berri den obra. Hasiera batean, antzezleak gai berri baten bila dabiltza —Pirandelloren Sei pertsonaia autore bila-n antzera, geroko gogoetek erakutsiko duten bezala— eta aspaldiko film ezagunak taulara ekartzean oso pasarte dibertigarriak sortu dituzte, Haizeak eramana, ET edota Blade Runner bezalakoen interpretazioak eginez. Handik sortu zaie Casablanca antzezteko grina, eta aukera hori aprobetxatuko du idazleak Monzon eta haren emazte Maria Josefaren figurak Casablancako ur nahasietan txertatzeko, Bogart eta Ingrid Bergmanen bikote ahaztezina ispilutzat hartuta eta Telesforo Monzon Victor Laszloren rolean jarrita.

      Bide horretatik, eta han-hemenka gure iruditeria kolektiboari ganorazko aipamenak eginez —bai testuetan bai musika arloan—, konposizio plastiko koloretsuak eta eszena indartsuak sortu dituzte, denetan gogoangarriena izanik Monzonek kapitain frantses kolaborazionistaren eta koronel naziaren aurrean izandako jarrera duina, Euzkadiko Gobernu garaituaren ordezkari gisa. Anartean, Tolosak ezin hobeto maneiatu du egileak planteatutako egoera kaotikoa entsegu itxura emanez benetan antzezten ari den obrari, eta etekin handia atera die taula gaineko objektu sakabanatuei, zuzenean jotako musikaren rolari, argien sormenezko erabilerari eta artisau eran sortu diren irudi proiektatuei. Horrela eratzen da gure benetako antzerkia: auzolanean, baliabide apalen aldarrikapenean eta munduari so, geure begiekin.